Gure herrian herrialde eta kultura ezberdinetako bizilagunak daude eta hauek ezagutu eta elkarulertzeko Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Burunzpe guraso elkarteak Kulturartekotasun astea ospatu du.
Txintxarri-n berri eman genuen bezala, lehengo astelehenean hasi zen ekimena eta astean zehar haurrek kultura ezberdinak ezagutzeko didaktikak egin dituzte.
Asteburu bikaina
Baina ekintza nagusiak ostirala eta larunbatean izan ziren. Guraso, zein haurrei zuzendutako hainbat ekintza burutu zituzten eta harrera ona izan zuten. Ostiralean, merienda ederra izan zuten eta haurrentzako tailerrak izan ziren. Henna marrazkiez eta globofexiaz gozatu ahal izan zuten, baita eva goma eta txalapartearekin ere. Honetaz gain, “Kubatar sustraiak” erakusketa ikusteko aukera ere izan zuten ikastetxera hurbildu ziren herritarrek, baita saltsa ikasi eta dantzatzekoa ere “Habana Son” taldearen eskutik. Amaia Gonzalez Caballeroren dantzaldiaz ere gozatu ahal izan zen.
Larunbatean, berriz, familien giroa izan zen nagusi goizean. Familien arteko nazioarteko ginkana, Kukuka antzerki eta dantza eskolako euskal dantzak emanaldia eta herri bazkaria izan ziren.
Arratsaldean, arabiar tea dastatzeko eta chillout musika arabiarraz gozatzeko aukera izan zen jaiman. Meriendaren ostean, sevillana ikastaro azkarra eta Zambra taldearen ekitaldia izan ziren.
Eta India aldeko Bollywood dantzen emanaldia ere izan zen.