Esteban Martinez bosgarren Espainiako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko apirilaren 2a

Esteban Martinez LOKEko judokak Espainiako junior txapelketan parte hartu zuen igandean Villaviciosa de Odon, Madrilen eta bosgarren postuan amaitu zuen lehia.

73 kg baino gutxiago mailan lehiatu zen herritarra. “Txapelketa ederra egin zuen,” adierazi digu Gorka Aristegi entrenatzaileak.

Lehen borroka Cabrera kanariarraren aurka galdu zuen. Bigarren aukeran, Javier Martinez andaluziarra erraz garaitu zuen. Ostean, rankineko lehena den Luis Menendez valentziarrari ere irabazi zion. Brontzea Euskal selekzioko Xabier Cazorlaren aurka jokatu behar izan zuen. “Norgehiagoka oso gogorra eta berdindua izan zen,” tamalez herritarrak ezin izan zuen garaipena eskuratu. Era honetara, bosgarren postua ekarri zuen herrira.