Jesus Zaballosek sinatutako oharrean jakitera ematen da, Bildu abstenitu egin dela komisioan egindako bozketan. Zaballosen ustetan "Bilduk ezin izan du atez atekoa inposatu ez duelako nahikoa babes udalean eta kalean ere kritiko azaldu direlako herritarrak talde abertzaleak nahi zuen sistemarekin. Hau guztiagatik, Bilduk zuzendu behar izan du bere jarrera". Alderdien arteko adostasuna txalotu nahi izan du Zaballosek herritarren interesa bermatu dutelako.
Adostasuna tekniko eta arduradun ezberdinen lanaren fruitu dela azaltzen du oharrean eta herritarrentzat garaipen bat suposatzen duela. Izan ere, "herritarren gehiengoa azaldu da atez atekoaren kontra". Aldi berean ziur azaltzen da "5. edukiontziaren inplantazioarekin herritarrek erakutsiko dute sistema malgu, garbi eta eroso honi esker emaitza onak lortzen direla".
Berehala Mankomunitateko presidenteari helaraziko zaio Lasarte-Orian hartutako erabakia "Mankomunitateak berak duela hilabete batzuk edukiontzi marroia jartzeko egindako gonbiteari erantzunez". Horrela datozen hilabeteetan materia organikoa biltzeko edukiontzia herriko kaleetan egotea espero du.