Lasarte-Oriako Udalak euskararen erabilera barruko zein kanporako zereginetan sustatzeko “Euskararen Bidegorria” plana jarri zuen martxan 2011an. 2013-2017 plana abenduaren 20ko batzarrean onartu zen PP eta PSE-EEren abstentzioekin. Orain, Euskararen Bidegorriaren barruan, komunikazio kanpaina abiatu du euskara sailak, herritarrengana iritsi nahian, haien arteko harremanetan lehen eta bigarren hitza euskaraz egitera gonbidatuz. Kanpainaren barruan, hainbat elementu erabili dira eta udal barruan hasitako “Euskararen Bidegorria” kanpora zabaltzeko. Kanpainaren leloa “Baietz egin lehendabiziko hitza euskaraz” atzo Udaletxeko balkoian jarri zen eta udaleko hainbat arduradun politikok argazkia atera zuten euskara zerbitzuaren planari nolabaiteko babesa eta atxikimendua adierazteko. Euskara sailetik adierazi dutenez, “udalak etxeko lanak eginak izan behar ditu. Udaleko langile zein arduradun politikoak herritarra euskaraz artatzeko prest daudela adierazteko, egin da agerraldia”.