EHBilduk ez du EAJ-ren jarrera ulertzen

Txintxarri Aldizkaria 2014ko apirilaren 3a

EHBilduk BAI plataformak lehengo astean hondakinen kudeaketa ereduari buruz eskainitako prentsaurrekoari erantzun eman nahi izan dio Askatasunaren parkean egindako agerraldian.

Aurreko asteko agerraldian BAI plataformak EHBildu-ren eredu eta “orain artean EAJ-k proposatzen zuena, iraganeko” ereduaren arteko ezberdintasunak garbi utzi zituztela aipatu dute.

EHBilduk ez du EAJ-ren jarrera ulertzen, “begirada iraganean jarririk, birziklatzearen aurka doazen politikak bultzatuz errausketaren moduan, %80ko birziklatze tasa lortzen dituzten praktika onen aurkako protestak sustatzen eta datuak apropos manipulatzen” aipatu dute.

Inerteen biltegiari dagokionez, egonkortuak jasoko dituen biltegia dela gogorarazi zuen EH-Bilduk eta hau zabortegiekin parekatzea faltsua izateaz gain, alderdikoia dela ere azpimarratu dute. Gainera galdera hau egin diote alderdi jeltzaleari, "Zer egin behar zuen bada PNVk errauskailutik jasotako errauts eta zepa toxiko guztiekin? Ez zituzten zabortegi batetara eraman behar? Agian alfonbra azpian sartzea pentsatzen zituzten?"

Honetaz gain, Gipuzkoak Foru Aldundiak Zubietan konpostatze eta Tratamendu Mekaniko Biologikoa burutzeko plantak jarri eta Errazkinek aipatu legez, inerteen biltegia ez dela bertan izango adierazi dute.

Sentsazio gazi-gozoa ere agertu dute, “herrialdeko udalerri asko egungo egoeraren jakitun, dagokion birziklatze tasetara iristeko egiazko apustuak egiten ari baitira sistema berrien bidez eta bitartean Lasarte-Oria atzean geratzen ari da”.

Azkenik, jakitera eman dutenez, Europak finkatutako %60a birziklatzeko asmoz herriko beste alderdiekin jarri da harremanetan baina ez da akordioa oraindik posible izan. "Oraindik gure arteko ezberdintasunak gainditzeko garaiz gaude. Garai hauekin bat datozen egiazko planteamenduekin eta gure interes alderdikoiak alde batetara utziaz ingurugiroaren mesedetan".