Igerilariak bikain GIF Sarian

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 26a

Buruntzaldea IKT-ko errendimendu eta ibilbideko infantil, junior eta absolutuak Donostiako Paco Yoldi igerilekuan izan ziren GIF Sarian parte hartzen. Espainiako gutxieneko berri bat, 21 marka pertsonal lortu zituzten gazteek eta finaletan lehiatu ziren gehienak.

GIF Sarian lehiatu ziren Buruntzaldea IKT-ko gazteak eta egindako lanarekin pozik agertu da Borja Apeztegia taldeko entrenatzailea, “emaitza bikainak lortu zituzten gure igerilariek”.

Azpimarragarriena, Itsaso Tolosak 200 m. bizkar proban lortutako Espainiako gutxieneko marka izan zen.

Honela, Iñigo Ibarbururekin batera apirilaren 10etik 13ra Palma de Mallorcan izango den Open txapelketan izango dira biak.

Honetaz gain,  50 m. eta 100 m. bizkar probetan bere marka hobetu zuen eta Openerako gutxienekotik ehunekoetara geratu zen bi kasuetan.100 m. libre proban ere marka pertsonala egin zuen.

Marka pertsonalak

Mikel Esnalek ere lan ona egin zuen. 100 m. libre proban bitan hautsi zuen bere marka eta 50 m. bizkar proban ere hobetu zuen.

Haitz Mitxelena eta Naiara Lizaso Espainiako gutxieneko markak lortzeko asmoarekin joan ziren lehiaketara. Baina ez batak ez besteak ezin izan zuten lortu.

Hala ere, Haitzek 100 m.  eta 200 m. tximeleta proba “ederrak egin zituen”, bere marketatik gertu.

Lizasok 100 m. libre proban bere marka hobetu zuen. 400 m. libreetan “ikaragarri ibili zen” eta marka pertsonal berria egin zuen.

Iñigo Ibarburuk entrenamendu modura hartu zuen txapelketa. Izan ere, Espainiako Opena prestatzen ari dela azaldu du Borja Apeztegiak. Hala ere, 50 m. bizkar probako bere marka pertsonala hautsi zuen.

Igerilari hauetaz gain, bost infantil ere lehiatu ziren. “Marka pertsonalak egitea ere lortu zuten batzuentzat igerileku luzean lehen aldiz lehiatzen ziren aldia zen honetan”.

Nahia Jie Villamedianak 100 m. libre eta 50 m. bular probetan hobetu zuen bere marka; Nora Irazustak 100 m. libre eta 50 m. bizkar probetakoa; Janire Berasartek 100 m. libre, 50 m. bular eta 400 m. libreetan; Beñat Alkortak 100 m. libre eta 50 m. bular probetan eta Jon Ibargoyenek 100 m. eta 400 n. libre probetan.