Ertzaintzatik jakitera eman denez, Hernaniko ertzain-etxeko agenteek, Lasarte-Oriako udaltzaingoarekin lankidetzan, 23 eta 31 urteko bi gizon atxilotu zituzten atzo goizean, ustez genero-indarkeriako delitu bana egotzita. Batek bikotekidea aurpegian jo eta bultzatu egin zuen, eta hark tratu txarrak ohikoak zirela azaldu zien ertzainei. Besteak ustez bi eztabaidatan eraso zuen neskalaguna.
Genero-indarkeriako lehen kasua atzo goizean izan zen, erdiguneko etxebizitza batean. Salaketaren arabera, bikotea eztabaidan hasi zen eta gizonezkoak emakumea masailean jo eta hainbat aldiz bultzatu zuen, semearen aurrean. Ondoren, kalean jarraitu zuten eztabaidan, eta udaletxearen ondora iritsi zirenean, udaltzainek gertakaria ikusi eta emakumea lagundu zuten. Ertzaintzari gertatutakoaren berri eman zioten, eta bertaraino joan zen patruilak egilea atxilotu zuen, 31 urteko gizonezko bat. Biktimak ertzainei azaldu zien azken hilabeteetan tratu txarrak ohikoak zirela, eta gizonak telefonoa, etxeko giltzak eta dokumentazioa ere kentzen zizkiola askotan.
Bigarren erasoa goizeko hamar eta erdiak inguruan gertatu zen. Herriko taberna batean liskar bat gertatu zen bikote baten artean. Biktimak ertzainei azaldu zienez, bikotekideak eraso egin zion, eta aurreko gauean ere jo zuen ibilgailu batean eztabaidan zebiltzanean. Handik gutxira, usteko egilea, 23 urte eta aurrekariak dituen gizonezko bat, Udaltzaingoaren egoitzara joan zen eta atxilotu egin zuten, genero-indarkeria delitua egotzita.