Somotoko afera argitzeko konpromisoa azaldu dute EAJ, Bildu eta LOHP alderdiek

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 28a

EHBildu, EAJ eta LOHP alderdiek Lasarte-Oriako PSE-EEren aldetik manipulazio saiakera salatu nahi izan dute eguerdian egindako agerraldian. Pablo Barrio alkatea, Ana Prieto eta Estitxu Alkorta batera azaldu dira asteartean PSE-EEk egindako adierazpenen harira.

Hauek azaldu dute "PSE-EEren partetik manipulazio saiakera bat sufritzen ari gara, kasu honekin helburu elektoralak izan ditzakegula esaten ari baita."  Argi utzi nahi izan dute "PSE izan da orain arte Somotoko kasuaren inguruan jaso diren berri guztiak publiko egin dituena" euren aldetik, zentzu honetan ez dutela inolako intentziorik izan esan dute eta emandako pauso guztiak barne ikerketa bati eta gertaeren argipenari dagozkionak izan direla soilik.

"Prozesu hau arinago joan izana gustatuko litzaigukeen arren, egiazko ikerketa serio eta objektibo bat emateko beharrezkoak izan diren denbora eta pausoak eman dira".

Miguel Castells abokatuari gairen inguruko kontsulta egin ostean eta zinegotzi guztiei aurkeztutako informe batean oinarriturik, Somotoko hiru erakundeei OHLOS, ASODECOM eta Somotoko Alkatetza emandako diru-laguntzen inguruko legezkotasun kontu-ikuskapen bat egiteari ekin zitzaion. Hau burutu du hain zuzen, Zubizarreta Consulting enpresak.

Azken honen lana jaso ondoren, beharrezkoak ziren datu guztiak dituztela azaldu dute udal ordezkariek eta orain abokatua "aurkitutako irregulartasunen eta etorkizunean hartu beharreko ekintza legal posibleen inguruan azterketa egiten ari da".

Irregulartasunak

Bestetik, Aholkularitza enpresak oposizioak bere garaian esandakoak egiaztatu dituela azaldu dute, "2000 eta 2010 urteen artean diru-laguntzen kudeaketan irregulartasun larriak izan zirela".

Zehazki hurrengo irregulartasunak aipatzen dira txostenean, laguntza justifikatuaren zenbatekoaren kontrol finantzariorik ez da egon eta ondorioz justifikatu gabeko laguntzen itzulpen eskaeraren beharra. Lasarte-Oria-Somoto anaitasun bulegoaren izaera juridikoaren gabezia. Laguntzen kontzesioan hutsuneak. Jabetzen erosketa eta zesioen erabakietan eskumen falta Alkatetzaren aldetik eta azkenik, lan kontratu baten formalizazioan egungo legea ez betetzea.

"Ordezkatuak gauden alderdion ustetan guzti hauek ez dira akats puntualak, ezta akats multzo bat ere, baizik eta gertaerek egiaztatzen duten moduan, 2009 arte sistematikoa izan zen eta kudeaketa guztiz pertsonalista, ilun eta justifika ezinean oinarrituriko funtzionatzeko modu baten fruitu dira".

Aste honetan emandako prentsaurrekoan Jesus Zaballosek "hemen ordezkatuok eginiko kaltea dela eta  barkamena eskatu behar genuela esan zuen eta gainera gaizki eginak onartu beharko genituela. Benetan ulertezina egiten zaigu interpelazio hau. Batetik, kontu-ikuskapen berri honek aurretik esanak egiaztatzen ditu eta bestetik pentsatzen dugu, logikoki eta arrazoi horrengatik, irregulartasun horietan inplikatuak izan den parteari dagokiola bere ekintzengatik eta gure udalerriari eginiko kaltearengatik barkamena eskatzea".

Gertaera guzti hauen argipenean eta Lasarte-Oria nahiz Somotoko herriarentzako suposatu duen kaltearen arduradunen bilaketan bukaeraraino iristeko konpromisoa agertu dute udal ordezkariek.

Agerraldian aipatu dute ere ez dutela ulertzen "Iñaki Mugika, Somotoko diru-laguntzei zegozkien aurrekontuetako partiden arduraduna izan zena 2001 geroztik eta baita Lurdes Acevedo ere Kooperazioko laguntzak kudeatzen zituen Departamentuko arduraduna, oraindik Lasarte-Oriako PSEren lerroetan egotea".

Ezta Ana Urchuegia alkate ohiak agintzen zuen garaiko PSEren ekintzak babestu eta justifikatzeko saiakerak ere. Horregatik, "Lasarte-Oriako sozialisten eledunari dei egiten diogu, kanpo kontu-ikuskapen hauetan jasotako irregulartasunen jakitun, argi eta garbi erantzun dezan ea oraindik Ana Urchuegiak garai hartan egin zuen kudeaketa bermatzen jarraitzen duen".