Bigarren urtez antolatu du udaleko kultura sailak herriko hainbat elkarteren laguntzarekin batera Aste Musikala. Bi asteburutan izan da musika estilo ezberdinez osatutako egitarauaz gozatzeko aukera eta taldeen artean entzute-tsuena ostiralean etorriko da gurera, Kalakan taldea. Thierry Biscary, Xan Errotabehera eta Jamixel Bereau osatzen dute Kalakan. Taldea nazioartean famatua egin zen Madonna abeslariarekin batera 2012an egindako birari esker. Zazpi hilabetetan 80 kontzertu inguru eskaini zituzten eta mundu osoan egin zuten ezagun “Sagarra jo!“ kanta.
Ahotsak eta perkusioak dira musikaren oinarri bakarrak, “emozio sinple bat entzulearen baitan sortarazteko asmoz“. Euskal musika tradizionalean oinarritu arren, askoz harago eramaten dute euren musika. Tradiziotik abiatuta sortzen dituztelako euren doinuak. Euskaraz kantatzen dute eta euren nortasuna euskararen kolorean, neurrian, aniztasunean eta hizkuntzak berak daraman musikan, oinarritzen dela dio hirukoteak. Kalakan taldekoek Manuel Lekuonara ekarriko dituzte euren doinuak, tartean, txalaparta, atabal, ttun ttun, pandero, eta hirukoteak berak sortutako danborrekin.
Gertukoa
Madonnarekin izandako esperientziaren ondoren, taldeak emanaldi txiki eta intimoetara bueltatu nahi izan du eta halakoa izango da ostiralean, Lasarte-Orian Aste Musikalaren barruan eskainiko dutena.
Euren musikaren bitartez, gertuko harremana bilatu eta ikus-entzuleengan emozio ezberdinak sortzea izango dute helburu. Ostiraleko kontzerturako dagoeneko sarrerak salgai jarri dira. 5,40 euro Internet bidez erosita eta Manuel Lekuonako leihatilan 6 eurotan. Momentu honetan hirukotea ohiko kontzertuez gain, “Herritmo“ ikuskizuna egiten ari da ere Euskal Herriko agertoki ezberdinetan OrekaTx eta Kukai dantza taldearekin batera.