Eneko Kastroren omenezko krosa, ostarte artean

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 23a

Goiza ilun eta petral samar hasi bada ere, zaparrada eta zaparrada artean irekitako ostarteak probestu dituzte goizean herriko atleta gazteek lasterka egiteko. Euskara eta kirola bultzatu asmoz, giro bikainean burutu da Eneko Kastro zenaren omenezko XVII. Euskal Krosa Atsobakar auzoan. Maila guztietako lasterketak amaitzean eta bakoitzari zegokion domina lepoan, opari banaketa egin dute goizari amaiera emateko.

Iaz baino gutxiago, baina aurten ere herritarrak hurbildu dira igande eguerdi aldera Atsobakar parkera. Lasterkari gaztetxoen guraso, aitona-amona, senide eta lagunek ez dute galdu eurenak korrika egiten ikusteko aukera. Txalo zaparradaka hartu dituzte guztiak helmugan, baina hobe zuketen kirolariek zaparrada bakarrak txaloenak izango balira... 

Krosa egin aurretik eta baita ondoren ere, euria egin du goian behean. Hala ere, esan daiteke ateri egin dituztela kros guztiak, ia batere busti gabe. Lurra labainkor samar zegoen ordea, baina zorionez ez da eroriko larririk izan.

Euskara eta kirola
Bi hitz horiek definitu izan dute Eneko Kastroren omenezko Krosa aurreko hamasei edizioetan, eta hamazazpigarrena ez da gutxiago izan. Urteroko izaera mantendu du aurtengoan ere Euskal Krosak eta amaieran ez da lasterkari onenentzat saririk izan. 

Hori bai, parte-hartzaile guztien artean kirol materiala zozkatu zuten behin lasterketa guztiak amaituta. Eneko zenaren Margari amak banatu zituen aipatutako opari eta muxuak saridunen artean.

Parte-hartzea
Lehiakortasunaz gaindi, txikitxoek kirola eginez gozatzea izaten dute helburu antolatzaileek. Aurtengoan parte-hartzea handia izan da, baina beste urte batzuetakoa baino baxuxeagoa. Izan ere, goizean goiz eguraldia ez zen korrika egitera joateko egokiena. 

Dena den, hamar bat lasterketa egin dituzte adinka banatuta. Atsobakarreko parkean eta inguruetan prestatuta zegoen 500 bat metroko barrutiari hainbat itzuli eman behar izan dizkiote guztiek. Amaitzeko, antolatzaileek eskerrak eman dizkiete laguntzen aritu diren guztiei.

Eneko Kastroen omenezko XVII. Euskal Krosaren argazki galeria: http://txintxarri.info/galeria/583/