2013 urtea positiboan itxi du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 18a

Estitxu Alkorta Ogasun eta kontuetako bereziak saileko buruak gaur eguerdian Lasarte-Oriako udalaren 2013 urteko likidazioa aurkeztu du. Milioi bat baino gehiagoko superabita dagoela eman du jakitera eta honi esker, herrian inbertsio batzuk egingo direla aurreratu du.

Lasarte-Oriako Udalak irakurketa oso positiboa egin du gaur eguerdian 2013 urteko aurrekontuaren itxieraz. Estitxu Alkorta Ogasun eta kontuetako bereziak saileko buruak eskainitako prentsaurrekoan Udalak 2013. urtean 1,2 euro aurreztu dituela eman du jakitera. “Udalak lehengo urtean 20,8 milioi euro sartu zituen eta 19,5 milioi gastatu,” adierazi du Alkortak.

Superabit honi aurreko urteetako gerakinak batzen bazaizkio 1,8 milioi ditu Udalak. Ogasun batzordeko buruak ohartarazi duenez, Gobernu zentralak ezarritako neurri murriztaileen ondorioz gerakin honen erabilera mugatua da. Hala ere, kopuru honek gaitasuna ematen dio Udaletxeari eguneroko gastuei aurre egiteko eta baita 2014ko aurrekontuetan aurreikusi ez diren gastu berriei ekiteko ere.

Horregatik, gaur lehen orduan ospatu den Ogasuneko Batzordean hainbat inbertsio berri egiteko baimena eman dela jakinarazi du. Hauek Tximistarreta urbanizazioa, Pablo Mutiozabal kalea, Kale Nagusia, Pintore Kalea eta Juan de Garai kaleak asfaltatzea eta bi ekipamendu partida, bata kirol ekipamendurako eta bestea Manuel Lecuona kultur-etxerako. Inbertsio hauek Udalbatzarrean onartu behar dira eta onetsiak izanez gero, lanak aurten egingo liratekeela aurreratu du Ogasun batzorde buruak.

Exekuzioa eta zorra

Era berean, aurrekontuaren exekuzio maila handia izan dela azpimarratu du, %90,47ko exekuzioa gastuetan eta %90,10ko exekuzioa sarreretan eta 2013 urteko aurrekontuan aurreikusia zegoen milioi bateko mailegua eskatu ez dela ere aipatu du.

Bestalde, Banku eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zegoen zorra 1.407.717,6 euroetan jaitsi dela eta zor bizia 3.428.027,40 eurotakoa dela adierazi du. Gainera, konparaketa bat ere eskaini du, 2011. urte amaieran Udaletxeko zor bizia 6.227.120,63 €koa zen eta bi urtetan ia 2.800.000 euroetan murriztea lortu du Udalak. “Etorkizunean inbertsio berriei ekiteko aukera ematen diguten benetan oso datu itxaropentsuak dira hauek”.