Errugbi taldeek garaipenik ez Atleticoren aurka

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 19a

Igandean, errugbiaz gozatzeko goiza izan zen kirol gunean. Lehenik eskolako gaztetxoen entrenamendua izan zen eta ostean, Beltzak Ostadar Jalai taldeko 14 urte azpiko eta 16 urte azpiko taldeek Atletico San Sebastian talde izan zuten aurrez aurre.

14 urte azpiko taldeak ez zuen aukera askorik izan. Donostiako taldea nagusi izan zen hasieratik eta Lasarte-Oriako taldeak ezin izan zuen ezer egin.

16 urte azpiko taldeen partidak eman zion amaiera goizari.

Taldeko arduradunek aipatu dutenez, Beltzak Ostadar Jalaiko taldeak joko ederra erakutsi zuen bai defentsa baita erasoan ere. Hasieratik lehiakor agertu ziren taldeak eta ez zioten Atleticori erraz jokatzen utzi. 

Garaipena aldiz Donostiako taldearentzat izan zen, 29-25, azken minutuan lortutako entsegu batekin.