Animalien araudi berria aurki indarrean

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 21a

Ohiko udalbatzarrean Animaliak babesteko eta edukitzeko Udal araudia behin betiko onartu zen. Orain helegiteak jartzeko epea ireki da eta behin hau amaitzean indarrean jarriko da.

Animalien babesa bermatu, jabetza arduratsua eta animalien salerosketen kontrola eramatea du helburu araudiak. Honela animalien jabeek kontuan izan beharreko hainbat betebehar eta baldintza zehazten dira, baita eraso baten aurrean jarraituko diren pausoak ere.

Animalia arriskutsuak
Animali arriskutsuen jabetza ere arautzen du.  Lizentzia eskaerak, txakurren erregistroa eta jabetzaren baldintzak agertzen dira bertan. Honetaz gain, animali heziketa edo haztegi zentroek jarraitu beharreko neurri eta arauak zehazten dira, baita animali erakusketa eta lehiaketenak ere. 

Paseatzeko lekuak
Era berean, txakurrak libre ibili daitezkeen eremu eta ordutegiak finkatzen dira. Udalak asmoa du hauek zehaztuz informazio panelak jartzea. Arriskutsuak ez diren animaliak edo erasotzeagatik erregistraturik ez daudenak libreki ibili ahalko dira betiere jabea lagun dutela, hiri ingurumenean, hau da, Goiegi Ibarran Pinutegi kalea 2 eta 10 zenbaki artean, Goiegi mendi hegalean, Plazaola parkea, Orian Zelaialde 1 eta 21 zenbaki arteko mendi hegalean eta Oria Etorbideko 21 eta 37 zenbaki artekoan. Atsobakar eta parke botanikoaren artean dagoen berdegunean, Arranbide auzoa eta Tribuna kaleko etxeen arteko berdegunean.

Era berean, 18:00etatik 11:00etara lasai ibili daitezke honako lekuetan: Goiegi parkea, Loidi parkea, Urdaburu plaza eta Antxota kalearen artean dagoen parkean, San Marcial plaza, Somoto parkea eta Zumaburu parkea, Oztaran parkea. Caddie plaza, Orian Brunet parkea, Antxisu parkea.

Askatasun parkean udan 23:00etatik 10:00etara eta neguan 21:00etatik 10:00etara baimena dute. “Froilan Elespe” Parke Botanikoan, Atsobakar parkean eta Tximistarreta parkean, berriz, debekatuta geratzen da txakurrak eta gainerako etxe abereak, eguneko  edozein ordu dela ere berdegunean egotea. 

Isunak
Araudi honetako puntuak betetzen ez dituzten herritarrek isun ekonomikoak jasango dituzte. Hutsegite arinak 750 euro artekoak izan daitezke eta larriak berriz, 3.000 euro artekoak. Gorotzak ez jasotzeagatik esate baterako, 600 euro arteko isuna jaso daiteke.

Aurrekariak
1996 urtean onartu zen aurreko araudia eta legearen arabera hau eguneratzeko beharra zegoen. Horregatik, Udalak araudi hau herritarrekin adosteko konpromisoa hartu zuen. Herritarrekin bilerak egin zituen 2013 urtean zehar, araudia findu eta  ekarpenak txertatzeko.