LOKEko judokak ederki lehian

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 11

LOKEko judokak asteburuan bi lehiaketetan izan dira. Batetik junior mailako Espainiako txapelketako iparraldeko sailkapen saioa izan zuten Esteban Martinez eta Josu Olmosek eta bestetik Fermin Balda kadetea Frantzian izan zen Lormot-eko txapelketan.

Esteban Martinez eta Josu Olmos lan ona egin zuten Monzalbarba, Zaragozan baina txaponaren bi aldeak jasan zituzten. Martinezek sailkapena eskuratu zuen eta Olmosek epaileen erabakiagatik ezin izan zuen txapelketan aurrera egin.

Esteban Martinezek lehen sailkapen fasean hiru borroka izan eta hiruretan ipon-agatik irabazi zuen. Finalerdia ere iponez irabazi eta finalean izateagatik, Espainiako txapelketarako txartela eskuratua zuen. Azken norgehiagokan berriz, Mendiola nafarrak garaitu zuen herritarra.

Josu Olmosek lehen fasean irabazle izango zenarena aurka borrokatu behar izan zuen. "Judo ona eginaz garaitu zuen," aipatu du Gorka Aristegi LOKEko entrenatzaileak. Baina borroka erabakiorrean ez zuen zorterik izan, "epaileen erabaki batek kanpoan utzi" baitzuen.

Sailkapena eskuratu ostean, LOKEko entrenatzaileak aurreratu duenez, Esteban Martinez martxoaren 29 eta 30ean Madrilen antolatuko den Espainiako txapelketan izango da lehian.

Balda Frantzian

Bestalde igandean, Fermin Baldak Lormot-eko lehiaketan parte hartu zuen, “Frantziako lehiaketen artean garrantzitsuenetariko bat” eta zazpigarren postua eskuratu zuen. Bi norgehiagoka irabazi eta bat galdu zituen gazteak.  

Apirilaren 6an kadete mailako Euskadiko txapelketan izango da Balda eta "hau prestatzen ari da" aipatu du Aristegik.

Asteburu honetan, berriz, infantilek Gipuzkoako txapelketa izango dute Pasaian eta alebinek eskolarteko sailkapena.