Udalbatzarra ohi baino luzeagoa izan zen batez ere, alderdien artean piztu ziren eztabaida ugarien eraginez. Aipatu behar da, PSE-EEko Jesus Zaballos eta Nerea Artamendi, zein adskribatu gabeko zinegotzia den Marisa Zubiri ez zirela bilkuran egon.
Gai ordenako lehenengo gaia bertan behera utzi zutela ezagutzera eman zuen alkateak, honetan Donostia etorbideko bigarren zenbakiko garajeen salmentarako baldintzen agiria onartzea jasotzen zen baina hau alkatetzako dekretu bidez egiten dela argitu zuen.
Jarraian, Taxio Arrizabalaga zinegotziak hitza hartu eta Gaztelekuaren araudia azaldu zuen. Honetan elkarbizitzarako oinarrizkoak jasotzen direla esan zuen baita Gaztelekuan dauden baliabideak zerrendatu eta hauen guztien erabileraren ingurukoak. Berritasuna da Gaztelekua ordutegitik kanpo erabili ahal izango dela, Arrizabalagaren hitzetan gazteen eskaerari erantzuna emateko. Erabilera hau arautzen duten neurriak ere jaso dira arautegian. Aurrera atera zen PSE-EE eta PPren abstentzioekin. PSE-EEko Iñaki Mugicak adierazi zuen araudia ondo egon arren, ordutegitik kanpoko erabilerak bere taldean kezka sortzen duela izan ere, "ez da inor egongo sarrera kontrolatzen eta arazoak sor daitezkeela iruditzen zaigu".
Animalien ordenantza aurrera
Animaliak babesteko eta edukitzeko udal araudian azaldu zuen Nerea Sanchez zinegotziak ondoren. Hau burutzeko herritarrekin egindako prozesua luzea izan arren, "parte hartze handia egon da eta eztabaida mamitsuak". Honen aurka sinadura bilketa egin zela ere adierazi zuen eta sustatzaileak batzordera gonbidatuak izan zirela. Azkenean, herritar hauen eskaera batzuk kontutan hartu direla adierazi zuen zinegotziak. Askatasunaren plazak esaterako, ordutegi berezia izango du, neguan 21:00etatik 10:00etara txakurrak sartu ahal izango dira eta udan ordutegia 23:00etatik 11:00etara izango da.
Herrian 23 gune bereiztu dira, horietako 7tan 24 ordutan sartu ahal izango dira txakurrak, 12tan 18:00etatik 12:00etara eta soilik 3 gunetan izango dute sartzeko debekua.
Araudiak Bildu eta LOHPko aldeko bozkak jaso zituen eta PP, EAJ eta PSE-EE abstenitu egin ziren. PSE-EEko Lourdes Acevedok gune guztiak beharrezkoa den argitasuna izatea eskatu zuen eta EAJko Boris Nogalesek adierazi zuen, ez zutela aldeko botoa eman herritarrentzat nahiz eta informazio kanpaina bat egin, nahasgarria iruditzen zaielako hainbeste ordutegi eta gune ezberdin.
Eztabaidarako hurrengo gaia PSE-EEk aurkeztutako Euskal Autonomi Erkidegoko udalen legearen sustapena eta onarpenerako mozioa izan zen. Honek EAJ eta PSE-EEren aldeko bozkak eta gainontzekoen abstentzioa jaso zuen. Honen bidez udalak eskaera egin zuen legebiltzarrean agindu bezala, ahalik eta lasterren legearen tramitazioa egin eta onarpena berehalakoa izan dadin eta legea egiteko garaian, udalen iritziak jaso eta kontutan izatea. Estitxu Alkortak EAJk Madrilen lege hau burutu ahal izateko egindako lanketa ekarri zuen plenora.
Kaperan lanak
Hurrengo gaia Oriako kapera izan zen PSE-EEk mozio bidez aurkeztua. Talde sozialisten esanetan, udal eraikina izanda honi dagokio konpontzea eta hainbat behar dituela azaldu zuen Iñaki Mugicak. Ana Prieto zerbitzuetako buruak erantzun zion udalak 2013an egin zituela bertan konponketa garrantzitsuak eta hala ere, teknikariei dagokiela herriko konponketa lanen lehentasunak adieraztea eta ez alderdiei eta behar izatekotan beharrezko lanak egingo direla. Gaineratu zuen bere departamentuan kexarik ez zela jaso honen inguruan. Mozioa aurrera atera zen PSE-EE, PP eta EAJren bozkekin, LOHP-ek kontra bozkatu zuen eta Bildu abstenitu egin zen.
Nerea Sanchez hirigintzako buruak azaldu nahi izan zuen, beste arazo asko daudela herrian bere esparruan eta zilegia den arren, "ez da justua konponketa lan konkretuak mozio bidez sartu eta bozkatzeko ekartzea". Honi talde sozialistak erantzun zion komisioak garaiz egingo balira ez zirela gai asko plenora ekarriko. Izan ere, udalbatzarrean hainbatetan salatu zuten PSE-EE eta PPko kideek informazio falta eta komisiorik ez egitea.
Kartel gehiegi
EAJ taldeak herritarren elkarbizitza eta bide publikoaren erabilera eta garbiketa arautzeko udal ordenantzaren inguruko mozioa aurkeztu eta eztabaida piztu zuen alderdien artean. Udalbatzarri eskatzen zion: "Dagozkien baimenak ez dituzten bide publikoan edo etxebizitzetako eraikinetan dauden edozein eratako pintadak edo piktogramak garbitzeko, eta edozein eratako kartelak kentzeko agindua ematea. Ordenantzaren 27. artikuluari aplikatzen zaizkion arau-hausteak jartzea aipatutako kasuei.
Beharrezkoa balitz, “Herritarren elkarbizitza eta bide publikoaren erabilera eta garbiketa arautzeko udal ordenantza” errebisatzea, salatutako kasuak mozio honen 1. eta 2. puntuen terminoetan arautu daitezen. Obrak eta Zerbitzuak batzordeari eskatzea hartutako akordioak lehenbailehen exekutatu ditzan".
PPko Vanessa Velezek aspaldiko bere eskaera zela eta pozik zegoela EAJk aurkeztutako mozioarekin, herrian kartelak gero eta gehiago direla eta udalak arauak betearazi behar dituela. Alkateak adierazpen askatasunaren babesa egin behar dela azpimarratu zuen eta zinegotziak erantzun zion ordenantza bete araztea zela bere eginbeharra "irudipena daukat udal gobernu hau dela pairatzen dugun kartel gehiegikeri honen sustatzailea".
Gorka Lizarragak azaldu zuen dekretuaren aurkako agindurik ez duela udal gobernuak eman eta kartelak beti egon direla. "Herrian talde eta mota askotako mugimenduak daude eta euren ekintzak iragartzeko bide bakarra kartelak dira". Herriko hainbat puntutan panelak jarri zirela esan zuen arazo honi irtenbidea bilatu nahian eta agian gehiago jarri beharra aztertu beharko litzatekeela.
Bestalde, Bilduk mozioa aurkeztu zuen udal kontratuetan klausula sozialak sartzeko eskaera eginez eta onartua izan zen. Bereziki txalotua izan zen talde sozialistaren aldetik euren aspaldiko eskaera zela gaineratuz.
Erreparoak
Udal kontu hartzaileak azaldutako erreparoen txanda izan zen ondoren. Lege berriak behartzen duen tramitea da hau baina alderdien arteko eztabaida handitzea eragin zuen. Alkateak azaldu zuenez, udalak hainbatetan Madrildik ezarritako legeen gainetik pasa ez, baina zirrikituak bilatu dituela azaldu zuen herritarren beharrak asetzeko helburuarekin.
Hauetako batzuen aurrean, udaleko kontu hartzaileak erreparoak azaldu ditu bere txostenetan. PSE-EE eta PPk hitz gogorrak izan zituzten udal gobernuarentzat. Informazio falta salatu zuten eta zehazki zein txosten diren jakin nahi dutela adierazi zuten, legeari zirrikituak bilatzea ere oso larritzat jo zuten bi alderdietako ordezkariek. 2012an 40 erreparo izan zirela azpimarratu zuten.
Informazioa idazkaritzan dagoela erantzun zitzaien eta prest daudenean ikusteko arazorik ez dutela izango.
Informazio ezari eutsiz, Lourdes Acevedok galdera eta erreguen txandan, zinegotzi baten gainean dagoen salaketaren inguruko txostena eskatu zuen. Errekurtso bat jarri dela azaldu zuen alkateak eta Gorka Lizarragak berak oraindik erabakirik ez dagoela esan zuen. Acevedok zigorra egotekotan, zinegotziaren dimisioa eskatuko duela esan zuen oso gertaera larria dela iritzita. Gainera udal gobernuari gertakaria ezkutatu nahi izana leporatu zion.
Sasoeta-Zumaburutik eskaera
Bukatzeko, herritarren txandan Sasoeta-Zumaburuko gurasoek udal kontseilu eskolarra aspaldi egin ez dela salatu eta data bat jartzeko eskatu zien alderdiei. Herrian dauden eskola publikoen arteko desberdintasunak esparru askotara zabaltzen direla eta, herriko eskola mapa aztertzeko beharra handia dela adierazi zuten. Konponketa lan batzuk ere egiteke daudela gogoratu nahi izan zieten alderdiei.
Azken hauek martxan direla adierazi zieten eta batzorderako data ere ahalik eta lasterren jartzeko konpromezua hartu zen. Eskola mapari dagokionez, Jaurlaritzak du eskumen gehiena eta hainbat pausu eman dituela adierazi zuen Boris Nogales zinegotziak.