Banakakoaren antzera, Landak garaipena eskuratu zuen eta Aritz Solano eta Adur Etxezarretak txapeldun ordearen garaikurrarekin bueltatu ziren herrira.
Mikel Landa herritarra Enrike Huici usulbildarrarekin batera Villabonako Behar Zana taldeko Arruti-Esnaola bikotearen aurka izan zuen norgehiagoka senior mailan. Partida erosoa izan zen Landa eta Huici bikotearentzat. Intza-ko arduradunak Joxe Felix Solanok azaldu digunez, Mikel bere teknikari esker, piloteoan nagusi izan zen. Pixkanaka tartea irekitzen joan ziren eta amaieran 40 eta 29a izan zen markagailuan.
Jubenilen mailan berriz, Aritz Solano eta Adur Etxezarretak Oiartzungo Oiarpe taldeko Azpiroz-Flores bikotearen aurka 32-40 galdu zuen.
Partida 32. tantora arte berdindua izan zela, azaldu du Joxe Felixek. Orduan Oiartzungo bikoteak indarrez tira zuen eta 40raino iritsi zen. “Pena. Berdinketara arte Intza-ko bikoteak oso lan ona egin zuen, nagusi izan zen tanto batzuetan eta markagailuan aurretik joan zen”.
GRAVNI Iruñean
Bestalde, asteburu honetan, Aritz Solano eta Mikel Landa GRAVNI txapelketan izango dira lehian.
Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldeko selekzioak lehiatuko dira bai ezker horman bai trinketean eta lehen fasean ligaxka jokatuko dute.
Lehen jardunaldian, asteburu honetan, Gipuzkoako taldeak Nafarroaren aurka jokatuko du eta Lasarte-Oriako bi pilotariak Mendillorri trinketan izango dira.
Txapelketako finalerdiak apirilaren 27ko asteburuan izango dira; ezker hormako finalerdiak Bizkaian jokatuko dira eta trinketekoak, berriz, Iparraldean. Finalak ere Iparraldean jokatuko dira maiatzaren 4ko asteburuan.