Bidegorriko lanak urte amaieran hasiko dira

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 12a

Lasarte-Oriako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Lasarte-Oria Donostiarekin batuko duen bidegorriaren aurkezpen publikoa egin dute gaur Manuel Lekuona kultur-etxean.

Bilera honetan Unai Erroitzenea Mugikortasun eta garrio publikoko zuzendari nagusia eta Aldundiko Mugikortasuna eta Bide Azpiegituretako departamentuko German Pozas eta Edorta Bergua teknikariak izan dira, baita herriko mugikortasun zinegotzia Nerea Sanchez ere.

Aldundiak lotura hau gauzatzeko duen proposamena azaldu die hitzaldi aretora hurbildu diren herritarrei.

Lehenik 2011. urtean egindako proiektua aurkeztu dute. Honetan Errekaldetik Belartzara egingo zen bidegorria eta pasarela bitartez, Belartza eta Lasarte-Oria artean dauden oztopoak gaindituko lirateke. Azaldu dutenez, proposamen hau atzera bota zen batetik Lasarte-Oriako Udalak trenbide zaharreko bidea erabiltzeko proposamena egin zuelako eta bestetik ibilbidea ez delako zuzena, malda handia dagoelako eta proiektu garestia delako.

Hau alde batera utzita, urte amaieran eraikitzen hasiko diren proiektuak bideragarritasun handiagoa duela adierazi dute. GI-20 errepideko zati bat hartuko du eta Errekaldeko errotondan hasiko da bidegorria. Lasarte-Oriaruntz eginez metro batzuetako zati laua izango luke eta beherako malda txiki baten ostean, trenbide zaharreko bidean sartuko litzateke. Ibilbide honetan dagoen tunela amaitutakoan Urbil merkatalguneruntz egingo luke bidegorriak. 

Honetan oinezko eta bizikletentzako bidea aurreikusia dagoela jakitera eman dute eta Donostiak eremu horretako urbanizatze proiektuan duen bidegorriarekin bat egingo lukeela ere aipatu dute.

Azalpenaren ostean, herritarrek haien proposamenak, kezkak eta galderak egiteko aukera izan dute. Hala nola, tuneleko segurtasunari buruz galdetu dute, baita Donostiako zatia noiz egingo den ere.