Epaiketarekin amaierarekin bat eginez, beste hainbat herrietan bezala, gaur arratsaldean Okendo plazan "Epaiketa politikorik ez! Xirimiri libre" lelopean elkarretaratzea egin da. Hainbat izan dira herriko elkarteari elkartasuna erakustera hurbildu diren herritarrak. Honakoa irakurri dute elkarteko kideek:
"Zubiak eraiki nahi ditugu lehen harresiak zeuden tokian. Gurea, bando herritarra izan da. 2 urteko prozesu demokratikoaren ostean, subjektu berri bat Portu da, “GU” berri bat; gu, bakean eta justizian oinarrituko den etorkizun berri baten alde egiten dugunak, konfrontazioa eremu politikora mugatuko den etorkizunaren jabe izan nahi dugunak; denok irabazle izango garen etorkizuna. Atzera begirako estrategia “antiterrorista”ri lotzea, herri honen etorkizunaren eraikuntzarako zama latza da. Lekuz kanpo daude konponbidea eten edo oztopatu asmoz eraikitzen dituzten harresi berriak, eta epaiketa hau, horietako bat da; garazi eta lekuz kanpo dagoena.
Bada arrazoibide eta tresna juridiko mahikoa epaiketa honen emaitza bakearen aldekoa izan dadin. Gure aurkako epaiketan, berez delitu ez diren ekimenak aurkeztu ditu akusazioak froga gisa, eta hala aitortu du gainera. Jardun politikoa epaitzen aritu dira. Egungo testuinguruan, politikak eremu polizial eta judizialetik irten behar du. Horregatik, auziperatu guztiak absolbitzea eta prozesu judiziala bertan behera uztea eskatzen dugu. Herrikoak eta auziperatuak libre nahi ditugu! Epaiketa politikorik ez, Xirimiri libre!"
Bost hilabetetako epaiketaren ostean, defentsak absoluzioa eskatu du guztientzat ez baita lotura frogatu, Fiskaltzak berriz 2 eta 4 urte arteko kartzela zigorrak eta taberna edo elkarteen bahitzeak eskatu ditu. Hainbat eragile eta alderdi politikoek ere akusatuen errugabetza onartzea eskatu diote Auzitegi Nazionalari. Orain epaiaren zain dira akusatuak.