Lehenengo hitza da giltza

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 17a

Lasarte-Oriako Udalak euskararen erabilera barruko zein kanporako zereginetan sustatzeko "Euskararen Bidegorria" jarri zuen martxan 2011n. Orain, Euskararen Bidegorriaren barruan, komunikazio kanpaina bat abiatu du Udalak, herritarrengana iritsi nahian, haien arteko harremanetan lehen eta bigarren hitza euskaraz egitera gonbidatuz. Kanpainaren barruan, hainbat elementu erabili ditu: sarrerako enara, bideoa, erreportajea… Horrela, udal barruan hasitako "Euskararen Bidegorria" kanpora zabaldu nahi du.

“Udala eta herritarrak batzen dituen bidean topo egitea gauza handia da, besteak beste, hizketarako aukera ematen duelako, kultur ikastaroez, udal tasez, kirol ikastaroez, auzoko arazo jakin bati buruz… Hartu-eman horretan erabil-tzen duzun hitza izango da giltza, hizkuntza bati edo besteari atea irekiko diona. Udalak zabaldu duen Euskararen Bidegorrian, eskura izango duzu giltza eta zurea izango da euskarazko harremanetara eramango zaituen hitza”. 

Hitz horiekin laburtu du Euskara Zerbi-tzuak, Lasarte-Oriako Udalak martxan jarri duen kanpaina berria. Euskararen Bidegorria izenarekin aurkeztu eta Udaletxe barruan zein kanpora begira hizkuntzaren sustapenean indarra jarriko duen ekimena. 

Helburua, euskara izan dadila neurri handi batean, langileen lan-hizkuntza. Izan ere, udal langileen artean gehiengoa da euskalduna. 

Hasieran, langileen barruko zeregin batzuetan euskara erabiltzeari eman zi-tzaion lehentasuna. Orain, Euskararen Bidegorriaren barruan, komunikazio kanpaina abiatu da, herritarrengana iritsi nahian, haien arteko harremanetan lehen eta bigarren hitza euskaraz egitera gonbidatuz. Kanpainaren barruan, hainbat elementu erabili ditu: sarrerako enara, bideoa, erreportajea… Horrela, udal barruan hasitako Euskararen Bidegorria kanpora zabaldu nahi du. Ez pentsa, ordea, tramite administratiboetara mugatuko denik. Ez horixe. Izan ere, Udalak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak izango ditu kontuan, esaterako, kulturetxea, kiroldegia… 

”Argi dago bidea elkarrekin egin behar dugula, hitza hartu eta hitza eman. Argi dago era berean, hartu nahiz eman, lehen hitzak erakusten diola bigarrenari bidea. Hau da, lehen hitzak markatutako hizkuntza-norabidean egingo duela bigarrenak bere bidea, beti ez bada ere, neurri handi batean”.

Udalaren hitza
Jarraian aurkezten diren elementu grafiko ezberdinen bitartez, udalak herritarrari adierazi nahi dio euskararen bidea. 

Zer da euskararen bidegorria?

Euskararen bidegorria da diskriminazio positiboa aplikatuz, udal zereginetan lehenetsitako hizkuntza euskara izatea eta beharrezkoa den egoeretan gaztelera erabiltzea. Bidegorria zentzu figuratiboan erabili da. Eta bidegorriaren irudiarekin adierazi nahi da, euskararen bidea gaztelerarena baino ahulagoa baldin bada ere, oraingoz, euskara modu praktiko eta funtzionalean, eguneroko zereginak egiteko bidea badela eta gero eta gehiago izango dela. 

  • Udalak hitza ematen dizu, gonbidatu egiten zaitu, hitza zeuk hartu eta lehen hitz hori euskaraz egin dezazun. Gonbidatu egiten zaitu, hitzez hitz, pausoz pauso, Euskararen Bidegorria zure eguneroko bidea bihur dezazun.
  • Udal langileak aukera ematen dizu hitza hartu eta lehen hitza euskaraz egin dezazun. Lehen hitza langileak hartzen badu, euskaraz egingo dizu, hala nahi baduzu, haren bidetik jarrai dezazun.
  • Jendaurreko lanpostuetako udal langileek hainbat saio egin dituzte herritarrekiko harremanetan hizkuntzak nola kudeatzen diren eta nola kudea daitezkeen hausnartzeko. Lehen eta bigarren hitzak duen garrantzia azpimarratu dute.
  • Kiroldegiko eta Kulturako ikastaroak euskaraz, nagusiki euskaraz, bi hizkuntzetan… jasotzeko aukera izango duzu, erabiltzaileen euskara-mailaren arabera.

Euskararen bidegorria hobeto ezagutu nahi baduzu, egin klik hemen eta ikusi bideoa: www.lasarte-oria.org