Lan eta Lan taldearen "Cinco mujeres con el mismo vestido" antzerki amateurra izan zen asteburuan Emakumearen Nazioarteko egunaren harira egin zen ekimenetan lehena.
Kultur etxeko auditorioan 300 lagun bildu ziren (gehien gehienak emakumezkoak), herritarren obra umoretsua ikusteko eta tarteka barre algara ozenak entzuteko aukera izan zen.
Antzezlaneko protagonistak ezkontzen zen bikotearen lagunak izan ziren. Ospakizunak aurrera egin ahala eta zenbat eta gehiago edaten zuten neurrian, komedia katramilatzen joan zen.
Kukuka larunbatean
Manuel Lekuonan bertan, baina larunbatez, “Begiratu eta ikusi ez” antzezlana egin zuen kafetegian Kukukak. Herriko antzerki eta dantza eskolako kideek adierazi zutenez beti izan zuten Emakumearen Egunaren inguruan zer edo zer antolatzeko gogoa, eta aurten lehen aldiz eskaini dute antzerki berezia.
Adin-tarte ezberdinetako emakumeek egindako irakurketak izan ziren antzerkiaren ardatza. Formatu txikiko lana izan zen, aretoko lana albo batera utzi eta sormena lan-tzeko parada eskaini zien obra sakon honek.
Zenbait momentutan gogorra ere izan zen, emakumeek bizi dituzten bazterkeria egoerak gordin-gordinean deskribatu zituztenean kasu.
Zuzendari lanetan Miren Gojenola aritu zen. Kukukako emakumeen irakurketa entzutera dozenaka herritar hurbildu ziren kafetegira.