Igerilari gazteak txukun

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 10a

Otsailaren 22an, Lasarte-Oriako igerilekuan Kirol Zehaztasun Ligako 3 jardunaldia burutu zen. Honetan Buruntzaldea IKT-ko benjamin eta alebinek ederki egin zuten igeri.

Benjaminak

2005. urtean jaiotako benjaminek eta 2004. urteko haur batzuk 50 m. bular proba egin zuten. Nora Imaz izan zen taldeko nesketan azkarrena; mutiletan, berriz, 2005 urtekoen artean,  Unai Barcina eta 2004 urtekoetan, Beñat Lizartza.

100 m. bular proba izan zuten 2004. urteko gaztetxoek. Honetan, Jone Arzallusek Gipuzkoa osoko sailkapen orokorrean 5. postua eskuratu zuen; mutiletan taldeko azkarrena Eneko Lizasu izan zen.
Proba indibidualaz gain, 6x25 m. tximeleta erreleboa izan zuten eta bi talde lehiatu ziren.
Borja Apeztegia entrenatzaileak aipatu digunez, “errelebua gogotsu eta txukun osatu zuten”. Honetaz gain, lehen urteko benjaminetan “bular estiloan hobetzeko asko daukagula ikusi genuen”, aipatu digu.

Alebinak
Alebinak adinaren arabera distantzia desberdinetan lehiatu ziren. Lehen urtekoen artean, Leire Martin, Ainhoa Martin eta Aiora Casado 50 m. libre probako Gipuzkoa osoko lehen postuetan izan ziren. Gainera, Leire garaile izan zen. Leire eta Ainhoa Martin ere 200 m. bular proban sail-kapenean ederki kokatu ziren. Leire txapeldun izan zen eta Ainhoa bosgarren. 2003 urtekoen artean, Unai G. Somovilla izan zen azkarrena 50 m. libre eta 200 m. bular probetan eta bietan bere marka hobetu zuen. Lander Sorozabal izan zen azkarrena bi proba hauetan. 2002 urtekoen artean eta nesken mailan, berriz, Irati Arzallus izan zen. 

2001 urteko mutilen kasuan, 100 m. libre proba izan zuten eta Xabier Alonso izan zen azkarrena. Alebinek 4x50 m. bizkar errelebua izan zuten eta bai nesketan baita mutiletan ere bi talde izan ziren lehian. 
Neskak lehen postuetan sailkatu ziren; mutilen taldeak berriz “bikain eta gogotsu  aritu ziren”.