Jesus Zaballos PSE-EEko bozeramaileak gaur eguerdian Lasarte-Oriako alderdi sozialistaren aldizkariaren zenbaki berria aurkeztu du.
Aldizkaria aitzaki, PSE-EEk Bildu, EAJ eta LOHP-k kooperazio arloko afera konpontzeko aurrera pausorik ez emateaz gain, Gobernu, zein koalizioko alderdien kudeaketa eza ere agerian utzi nahi izan du prentsaurrekoan.
Alderdi sozialistako bozeramaileak aipatu duenez, nekatuak daude kooperazio arloko gaiak aurrera egiten ez duelako. “Bildu, EAJ eta LOHP-k ustelkeria-delituak egotzi zizkiguten baina ez da salaketarik jarri oraindik”.
Zaballosek gogoratu duenez, 2005-2006 urteetan hasi zen kooperazioko afera. Duela bi urte, Batzorde berezia sortu zen hau azaltzeko eta auditoria fiskal bat ere egin da, baina ez dago emaitzarik oraindik. “Udan amaitu behar zen auditoria hori eta oraindik zain gaude. Kontratuan argi esaten zen orduan aurkeztu behar zela, ez al diote atzerapenagatik aholkularitza talde horri ordainik eskatuko?”
PSE-EEk egoera argitu nahi duela eta bere burua eta irudia defendatu eta garbitu nahi duela azpimarratu du.
Gainera, Bildu, EAJ eta LOHP-k gai hau argitzeko interesik ez dutela deritzo alderdi sozialistak eta kooperazioko afera 2015. urteko hauteskundeei begira berrindartuko dutela salatu du.
Kudeaketa eza
Hau guztiaz gain, Gobernu eta koalizioko alderdiek lanik egiten ez dutela ere azpimarratu du agerraldian.
Lasarte-Oriako haur-parkeak kendu eta bere lekuan ezer ez jartzea, errepideetako asfaltatzea ez berritzea eta Udalaren garaje, zein etxebizitzak ez alokatzea jarri ditu kudeaketa eza honen adibide.
Era honetara, alderdi sozialistak Bildu, EAJ eta LOHP-k zerbitzuetan eta behar minimoetan atzera egiten ari direla ohartarazi du, “lasarteoriatarren beharrei begira, legealdi galdua eta atzerakoia izango da”.