Ikastetxeak dantzan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 28a

Sasoeta-Zumaburu eta Landaberriko gaztetxoak izan dira ostiral arratsaldean Inauteri festa estreinatu dutenak. Azken asteotan egindako lana plazaratzeko aukera izan dute ikastetxeetaako gimnasioetan. Denetarik ikusteko aukera izan da, Charlestonetik hasita, Olivia Newton John eta John Travoltaren Grease musikal ospetsuraino. Ondo baino hobeto pasa dute gaztetxoek, irakasleek eta gurasoek herriko txikienen dantza eta koreografiekin.

Sasoetan pentagrama eta notez mozorrotu dira lehen zikloko txikienak, Sonrisas y Lagrimas edo Mary Popinsen doinuak ere dantzatu dituzte, ikastetxeko gimnasioan bikain lerrokatuta eta zintzo-zintzo irakasleek esaten zietenari jaramon eginez.
Bigarren ziklokoak emanaldi ederra eskaini dute, eskularru zuri eta guzti koreografia simple, baina deigarria osatzeko gai izan dira musika klasikoa lagun.
Helduenak berriz, Grease pelikulako musikala ekarri dute herrira. Sasoetako gimnasioa Olivia Newton John eta John Travoltaz bete da. Ileak gora jarri dituzte mutilek eta larruzko galtza estuak jantzi neskek. Beltza izan da protagonista, ez bakarrik gaztetxoen emanaldian, baita irakasleen soinean ere. Hezkuntzako murrizketak salatzeko kamiseta beltza jantzi baitute guztiek.
Zumaburuko txikienak sanba daoinuak dantzatu dituzte adinka sailkatuta eta Carliños Brownen Mariacaipirinha doinupean arratsaldea giro onean pasatzeko aukera izan dute.
Behin bakoitzak bere lanak eginda, Burunzperen eskutik txokolatada zuten zain guztiek indarrak berreskuratzeko.

Landaberriko Inauteriak
Landaberrin berriz, istorio moduko bat osatu dute, narratzaileak ikasleak eurak zirela. 
Historiaurretik hasi dute bidea, trogloditen historiaurreko musika, Irlandako musika zelta alaia, erromatarrak, 20. hamarkadako Charleston jantzi berezi eta ezkontzak, Tolosako Inauterietan ikus daitezkeen antzeko txarangak, Grease pelikulako musikala, Bob Marley eta reggae kultura ikusteko aukera ere izan da. 
Gimnasioa goraino beteta egon da, guraso asko argazki kamera eta bideokamera eskutan hartuta bertaratu dira Landaberrira.
Garaikoetxeako Haur Hezkuntzako txikitxoenek Euskal Inauteriak ospatu dituzte txantxo jantzi koloretsuak soinean zituztela. Nafarroako Inauterietako ohiko dantza tradizionalak dantzatu eta kantatu dituzte urteroko legeari jarraiki, Miel Otxin eta Ziripot lagun zituztela.

ARGAZKI GALERIA: http://txintxarri.info/galeria/579/

BIDEO GALERIA: http://txintxarri.info/inauteriak/bideoteka/150/