Musika protagonista

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 28a

Inauteri asteburuan festarako parada izango da herrian. Larunbatean herriko hamaika konpartsek hartuko dute Okendo. Txupina, aurkezpen ekitaldia, poteoa eta arratsaldeko desfileak ez du hutsik egingo. Igandean berriz, Euskal Inauterien txanda izango da eta hainbat txantxo eta pertsonaia ikusi ahal izango dira gure kaleetan. Asteleheneko Txintxarri berezian jasoko ditugu Inauteri hauetako argazkiak eta egunean bertan Txintxarri.info-n.

Inauteriak iritsi dira Lasarte-Oriara. Gaur arratsaldean herriko eskoletako umeek jai koloretsuak egingo dituzte Inauteri mozorro dotoreekin eta dagoeneko festak ez du etenik izango.

Esan behar da, ohi bezala herrian lehenak mozorroa janzten Udal Musika eskolako ikasleak izan zirela. 

Asteazkenean kontzertu bufoa eskaini zuten Manuel Lekuonan eta musika doinu politez gain, irribarrea eragin zuten bere jantziekin. Guraso eta lagun asko elkartu zituzten gainera kultur etxean. 

Musika eta konpartsak

Musika da hain zuzen, aurten herria girotzeko aukeratu den  gaia. Eta horregatik, musikari eta musika talde andana ikusiko ditugu bihar ziur herriko kaleetatik. 

Gazte Klubeko gaztetxoek adibidez, Hemendik At! euskal taldea ekarriko dute gogora, 90. hamarkadako talde famatua izan zen euren tekno doinuei esker gogoratzen? Kuadrillategin Lady Gaga, Bob Marley and the Wailders eta Grease dira gazteek hautatutako gaiak.

Hamaika konpartsa eratu dituzte aurten herritarrek, inoizko kopururik handiena udalak aurkezpenean azpimarratu nahi izan zuen bezala. 

Guztiek euren aurkezpena egingo dute bihar Okendo plazan 12:00etan hasita. Aurkezpen honen baitan Nahaste borraste taldeari dagokio festetako txupina botatzea. Konpartsek txupin jaurtiketa txandaka egingo dute iaz hasitako bideari jarraiki, gogoratu behar da Zabaleta Auzolanekoei egokitu zitzaiela lan hau iazko Inauterietan.

Behin festa hasita, txarangaren musikak girotuko ditu herriko kaleak. 13:00etan Sagardotegi ibiltaria izango da Okendo plazan, pintxo poteoa izango da Arkupe, Txanpa, Buenetxea, Andatza, Galiza eta Guria tabernetan  Aterpeak sustatuta eta 14:00etan nahi duten konpartsa eta herritarrek bazkaria egin ahal izango dute Okendo plazan. 

Eguraldi txarra balitz karparen barruan. Bazkariaren kasuan, bakoitzak berea eraman beharko du. 

15:45ean Gazte Klubak “Bingoa“ egingo du Okendon.

Desfilea

Konpartsak elkartzeko hitzordua 16:30ean izango da Okendon eta Zabaletakoen eskutik txokolatada izango da giroa gozotzeko. 

17:00etan konpartsen desfileari ekingo zaio herriko kaleetan barrena Okendo plazan hasi, kale Nagusia, Ola kalea, Zumaburu kalea; Zumaburuko eliza paretik kale Nagusira; Tajamar errotonda, Pablo Mutiozabal eta Geltoki kalea.

Okendo plazan amaiera emango zaio desfileari 19:00ak inguruan. 

Iaz gertatu bezala, eguraldi txarra egingo balu, konpartsek erabakiko dute desfilea egin edo ez. 
Dinbi Bandakoek kaleak alaituko dituzte ondoren. 23:00etatik aurrera, Okendoko karpan Abibaren diskofestarekin herritarrek parrandarako aukera izango dute.

Txantxoen igandea

Euskal Inauteriaren txanda izango da igandean. Bigarren urtez Euskal Inauterien konpartsaren lekukoa hartu ostean, Ttakunek antolatuko ditu. 

12:00etan Okendon elkartu eta Patxi Larrañaga harategiko produktuekin hamaiketako ederra egingo da. 

12:45ean, erdigunean dantzatuko dira euskal inauterietako dantzak: Okendo, kale Nagusia, Zumaburuko errotondan buelta eman eta Kale Nagusitik Tajamar errotondaraino, Hipodromo etorbidetik jaitsi eta Okendo plazan ibilbidea bukatzeko. 

17:30ean berriz Okendotik dantzan abiatuko da kalejira herrian barrena goizeko ibilbidea burutuz. 

Kalejira irekia dela adierazi dute antolatzaileek eta herritarrak honetan parte hartzera deitzen dituzte. Okendo plazan bukatuko da dantzaldia eta bertan Hartza erreko da festari amaiera emateko. Eguraldi oso txarra egingo balu Okendoko karpan egingo da dantza iaz bezala.

Ttakunek igandean ere herritarrak mozorrotzera deitzen ditu herrian larunbat zein igandean Inauteri giroa nagusi izan dadin.

Udalaren aldetik, herritarrei eskatu zaie etxeko balkoiak oihal koloretsuekin apaintzeko ere. 
Aurreikusita dagoen eguraldi txarrari aurpegi ona jarri eta has dadila mozorro festa!