Emakumezkoen errugbia lehenengoz Michelinen

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 23a

Beltzak errugbi taldea sortu zela 30 urte bete direla eta, ospakizun gisa antolatu zuten larunbat arratsaldean Hernani eta Eibar/Irun taldeen arteko emakumezkoen errugbi partida, Michelinen historian lehenengo aldiz. Euskal Ligako 8. jardunaldiko neurketa izan zen.

Hasi eta buka nahieran menderatu zuen Hernanik norgehiagoka, 60-0eko emaitzarekin egurtu zuten Eibar/Irun. Mele, touch eta baloi-jokoan gehiago izan ziren hernaniarrak jokaldi landu eta azkarrak bata bestearen atzetik uztartuta. Dena den, hirugarren denborak argi erakutsi zuen bezala, bi taldeen artean giro ona  eta errespetua izan ziren benetako protagonistak. Agian, errugbian irabaztea ez delako dena. Aipagarria da Hernaniko taldean hiru lasarteoriatar aritzen direla: Maitane Ormazabal, Maider Garmendia eta Maite Maestro, baina larunbatean Garmendiak bakarrik jokatu zuen Michelinen. Bestalde, Babyauto ZRTBeltzak taldeak Atletico San Sebastian izan zuen aurkari kadete mailan, Euskal Ligako 2. fasean. Zarauzko Astin jokatu zuten partida herritarrek eta 41-17 nagusitu ziren errugbi maila handia erakutsiz. Motibazioa, joko ona eta konfidantza izan ziren partidaren gakoak eta emaitzak alde handia erakusten duen arren, Atleticoren lan eskerga ere azpimarratzekoa izan zen. Azkenik, atzo alebinek topaketa izan zuten Orion eta 16 urtez azpikoek taldeak galdu egin zuen ostiralean, 12-45 irabazi zien Hernanik.