San Pedro jaiak zehazten

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 24a

Lasarte-Oriako Udalak 2014. urteko San Pedro Jaiak antolatzen ari da. Herritarren iradokizunak jasotzeko Jaietan Blai! ekimena jarri du aurten ere martxan. Asteartean, otsailaren 25ean, 18:30etan ekimeneko bigarren saioa egingo da Udaletxe berriko harreran. Honetan elkarte eta herritarren proposamen zehatzak aztertuko dira.

San Pedro jaietarako lau hilabete geratzen badira ere, Lasarte-Oriako Udala dagoeneko egitaraua lantzen ari da. Aurten ere, Gazteria, Festak eta Kirolak arloak herritar zein elkarteen laguntzaz osatu nahi ditu jaiak eta horregatik, Parte-Hartze sailarekin batera Jaietan Blai! ekintza du martxan. Urtarrilaren 28an, lehen bilera egin zen Udaletxean. Honetan, hogeitik gora herritar bildu ziren San Pedro jaien ezaugarriak, festek nolakoak beharko luketen zehaztera. 

Proposamen zehatzak
Asteartean, 18:30etik aurrera, Jaietan Blai! prozesuko bigarren topaketa izango da Udaletxe berriko harreran. Oraingoan, proposamen zehatzak, hau da izen edo ekimen zehatzak eskaintzeko aukera izango dute bilerara hurbiltzen diren herritar, zein elkarteek. Era honetara, egitaraua bete eta festei jada benetako forma emango zaie.

Beste bideak
Horretaz guztiaz gain, herritarren batek proposamena egin nahi baina topaketara gerturatzeko aukerarik ez badu, Gazteria, Festak eta Kirolak departamentuak beste modu batzuk daudela jakitera eman du.
Iradokizunak Lasarte-Oriako Udalaren sare sozialen bidez edo herriko etxe guztietara banatuko den esku-orriaren bidez helarazi ahal da. Esku-orri hau eraikin publikoetan dauden postontzietan beteta utzita behar da. Proposamenak jasotzeko epea martxoaren 16ra bitartekoa izango dela azpimarratu du Udalak. 

Parte hartzera gonbita
Udal ordezkariek herritar guztiak astearteko topaketan parte-hartzera gonbidatu nahi dituzte. Gainera, proposamen konkretuak aurrez pentsatu nahiez gero, herritarrek Lasarte-Oriako udaletxeko albisteen web orrialdean, albisteak.lasarte-oria.org, lehen bileran zehaztutako ezaugarriak zein diren jasotzen dituen dokumentua eskuragarri dutela azpimarratu du.