Etorkizuna eskuetan

jon-altuna-egitegi 2014ko ots. 15a, 22:00

Horixe da hainbat eta hainbat herritarren eskakizuna, erabakitzeko eskubidea, hau da, etorkizuna euren eskuetan edukitzea. Goizean goizetik hasita arratsaldera arte giro ezinhobea izan da Okendon Gure Esku Dago ekimenak antolatutako jaialdian. Eguraldi ona lagun, jendearen erantzuna primerakoa izan da, eta goizeko hainbat momentutan plaza bete ere egin da.

Erabakitzeko eskubidearen alde, hainbat eta hainbat ekintza egin dituzte herritarrek Gure Esku Dago plataformak antolatuta. Goizean goizetik txistulari, trikitilari, panderojole eta Pasaiatik gurera etorri diren Igitaia joaldun taldea kalez kale ibili dira jendea Okendora erakarri asmoz. Txalaparta eta adar soinuak ere entzuteko parada izan da Okendon. Porrotxen esketx, flashmob eta marrubizko muxurik ere ez da falta izan. Endika Gartziaren erronkak ere herritarren atentzioa piztu du, Buruntzarara 53:13an egin du joan etorria, abiada betean. Apostu egiteko aukera izan da gainera. Bestalde, Xumela abesbatza kantuan, Urtzi Telleria harrijasotzen, Kukukaren gazte eta helduen talde bana dantzatzen... Finean asko eta kolore askotarikoak izan dira ekainaren 8an Durango eta Iruñea arteko giza-kateari euren atxikimendua eman dioten herritar eta elkarteak.

Photocall-ak sekulako arrakasta izan du (beheko estekan ikusgai dituzuen argazki guztiak), mural margoketa koloretsua eskuak tenperetan bustiz, kamisetak ia amaitu egin zaizkiela ere jakinarazi dute antolakuntzatik. Baina goizeko ekitaldirik garrantzitsuena, agian, Oriako sorgin dantza izan da. Erketzen taldeaz gain, gazteak eta azken unean batu diren herritarrak ere aritu dira txistu eta danbolinen doinupean gerriak mugitzen. Irudi politak ikusteko aukera izan da.

"Sinetsi ezazue!", esan dute Lasarte-Oriako Gure Esku Dago taldeko Ricardo Ortega eta Oihan Beltran kideek oholtzatik. Katea osatzeko Uharte-Arakil aldera ahalik eta lasarteoriatar gehien eramateaz "haratago" doan erronka dela azpimarratu dute: "herrian jaio, herrian oinarritu eta etorkizuna herrian izango duen bidea da gurea, kolore anitzekoa, errezelo politikorik gabekoa. Denon artean errealitate berri bat marraztera goaz. Gure esku dago". Taldekideen hitzekin amaitu dira goizeko ekintzak.

Arratsaldeari indarrez ekiteko, haur zein helduentzako kirol-probak antolatu dituzte hala nola, denetariko jokoak, lokotx proba eta sokatira. Ostean Ane Labaka, Zigor Iriondo eta Patxi Etxeberria bertsolariek bertso-saioa eskaini dute Itzarturen erromeriari paso eman aurretik. 20:00ak pasatxoan amaitu da jaialdia. Aho-zapore gozoa zuten antolatzaileek festa amaituta: "Herrian erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua badela erakutsi dugu gaur, beldur ginen eguraldiagatik, baina dena primeran atera da, pentsa, lehen egunean 201 lagunek eman dute izena giza-katerako, ia gutxienez behar ditugunen erdiek".

Eguneko argazki guztiak: http://txintxarri.info/galeria/578/ 

Eguneko bideoak: http://txintxarri.info/bideotekak/146/