PSE-EE etxebizitza zerbitzua desagertzeaz atsekabetzen da

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 18a

Lasarte-Oriako PSE-EEk EAJ-ko Estitxu Alkortak Babes publikoko etxebizitzen erregimena arautzeko ordenantza indargabetzearen ostean egindako adierzpenei erantzun nahi izan die.

Jesus Zaballos, Lasarte-Oriako Alberdi sozialistako bozeramaileak, herritarrei aurretik ezer jakin arazi aurretik Udal gobernuak etxebizitza zerbitzua bertan behera uzteko erabakia hartu izana gaitzesten du. Zaballosen hitzetan “herritarrak Udalera joaten dira etxebizitzei buruz jakiteko eta bulegoa itxia aurkitzen dute azalpenik gabe”.

Herriko sozialistek aipatzen dutenez, Bildu, EAJ eta LOHP hiruko gobernuak ez du herritarren beharrak asetzen dituen etxebizitza politika indarrean. “Babes publikoko etxebizitzen erregimena arautzeko ordenantza indargabetu dute eta ondorioz, 600 herritar babesgabe geratzen dira, izan ere, hauek herriko erregistroan zeuden izena emanak eta ez Etxebiden”

Sozialisten aburuz, “Etxebizitza zerbitzuak lasarteoriatarren interesak bermatu ditu. Esate baterako, udal zozketetan Etxebidek eskatzen duen erroldatze epea baino altuagoa eskatzen zen. Betiko lasarteoriatarren onurarako egiten zen hori”.

Zaballosek gainera, Estitxu Alkorta EAJ-ko bozeramaileak aurreratutako 80.000 eurotako aurreztea gezurtatu du. Departamentu horren kosturik handiena langileen soldata zela eta hauek beste sail batzuetan lanean daudela azpimarratzen du oharrean.

Era berean, haurreskola eta jangelaren kudeaketaren eskumen aldaketa, honen bitartez 300.000 euro aurrezten dira, EAJ-ren meritua ez dela azpimarratu du. PSE-EEren herentzia bat dela adierazten du, Zaballos alkate zen legealdian eman baitziren lehen pausoak

Azkenik, EAJ-ko bozeramaileari Estitxu Alkortari Ogasuneko eta Kontu berezietako buru izan den bi urte eta erdi hauetan Udalaren jabetzan dauden pisuak alokairuan ez ateratzea bere kudeaketa eraginkorraren erakusle den galdetu nahi diote.