Buruntzaldea IKT-ko igerilariek aurreko asteburuan Euskal Herriko txapelketan parte hartu zuten. 2 urre, 6 zilar, 2 brontze eta Espainiako txapelketarako marka gutxieneko bat egin zituzten absolutu, promesa eta junior mailako gazteek. “Absolutu mailako gutxienekoak izateagatik” bi infantil ere lehiatu zirela aipatu digu Borja Apeztegia entrenatzaileak, Nahia Jie Villamediana eta Ainara Garcia.
Iñigo Ibarburuk 100 m. tximeleta eta 200 m. libre probetan absolutu mailako txapeldun orde eta junior mailako garaile izan zen. “Ikusteko moduko” 200 m. libre proba egin zuen,” aipatu du entrenatzaileak.
Honetaz gain, junior mailako 50 m. eta 100 m. libre probetan zilarrezko dominak eskuratu zituen eta lehen proban, Espainiako txapelketarako txartela eskuratu zuen.
Mikel Esnal 50 m. libre probako txapeldun orde izan zen, 100 m. libre proban brontzea eskuratu zuen eta 50 m. tximeleta proban marka pertsonala egin zuen.
1500 m. proban Jone Vazquez hirugarren izan zen. Bere marka hobetu eta 800 m.-tako paseko marka ere hautsi zuen.
Itsaso Tolosa 100 m. bizkar proban txapeldunorde izan zen absolutu mailan eta 200 m. bizkar proban promesa mailako bigarren izan zen. 50 m. tximeleta proban, berriz, marka pertsonala egin zuen.
Naiara Lizasok 50 m. eta 100 m. libre eta 50 m. tximeleta probetan markak hobetu zituen.
Ainara Garciak 200 m. eta 100 m. bular probako markak hobetu zituen. “Sekulako 100 m. bular proba egin zuen” eta infantil mailako Espainiako marka gutxienekotik 19 ehunekotara geratu zen.
Nahia Jie Villamedianak 100 m. eta 200 m. bizkar probako marka pertsonalak hobetu zituen.