Kadeteak faseko azken partidan garaile

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 13a

Beltzak Ostadar Gure-Etxea taldeko gazteek Euskal Ligako lehen faseko azken partida jokatu zuten Ordiziaren aurka Arrasaten. Taldeko arduradunek jakitera eman digutenez, partida garrantzitsua zen,“hau irabaziz gero, hurrengo fasean bigarren taldean egon ahal izateko”.

Arerio zaila zen Ordizia eta horregatik, partida oso berdindua izan zen. Izan ere, bi taldeek antzeko jokoa erakutsi zuten, aurrean lan handia egin zuten alboei garrantzia emanaz eta defentsan lan ona egin zuten arerioa geldituz.

Hasieratik, Beltzak Ostadar Gure Etxea-ek partidaren pisua eraman zuen eta Ordizia bere zelaian jokatzera behartu zuen. 18. minutuan lehen entsegua egin zuen Beltzak-ek Andoni Amonarrizen eskutik eta Xalbat Amilibiak jaurtiketa atean sartu zuen. Lehen zati honetan beste aukera batzuk izan zituen kadete taldeak, baina ezin izan zituzten aprobetxatu.  

Atsedenaldiaren ostean, Ordizia Beltzak-en zelaian sartu zen eta 7. minutuan entsegua lortu zuen. Zorionez ez zuten jaurtiketa atean sartu, beraz 5 eta 7koa zegoen markagailuan.

Partidaren garrantzia kontuan izanik, jokalariek entseguari erantzun zioten eta gogoz jokatzen hasi ziren.

Tamalez, 20. minutuan Pablo Diezi eta bost minutu beranduago Iñigo Berasaluzi txartel horia erakutsi zieten epaileak, beraz bi jokalari gutxiagorekin jolastu behar izan zuen Beltzak Ostadar Gure-Etxeak.

Hala ere, Beltzak-ek galera gainditu eta beste behin, entsegu marrara gerturatu zen. Ez zuten entsegurik lortu, baina 5-7koa mantendu zuten markagailuan eta Beltzak-ek garaipena eskuratu zuen.