Senideek izaera gogorreko emakumea dela azpimarratu dute. Bost urterekin ama hil zitzaion, bost anai-arrebetatik hirugarrena izan zen eta haurtzaro oparoa izan zuen Sabinak Basaundi baserrian bizi izan zen garaian. Nerabezaroan Orian bertan irute fabrika batean egin zuen lan. 21 urterekin ezkondu zen Luis Goyaranekin eta handik gutxira eduki zuen lehen alaba Pepi. Halere, Gerra Zibila hastean Luis senarra frontera joan zitzaion, horren ondorioz Sabinak Bartzelonara eta handik gutxira Frantziara alde egin behar izan zuen erbestera, hilabete gutxi zituen alaba eskuetan zuela. Gerra amaituta, Oriara itzuli eta senarrarekin bat egin zuen bertan. Fabrikako lanera bueltatu eta Luis semea eduki zuten (duela bi urte zendua), geroxeago Marta iritsi zen, hirugarren eta azken alaba. Gerora, Oriatik Lasartera lekualdatu ziren senarrak Michelinen zuen lana medio eta esfortzu handiarekin lortu zuten eguneroko ogia. 1992an hil zen Luis senarra eta duela gutxira arte, 93 urte bete arte bere kabuz bizitzeko gai zen Sabina Eizmendi.
Zorionak Sabina!