Larunbat ilunabarrean antzeztutako “Kale Gorrian” Sergio Cabreras zuzendariak aurkeztu zuen “La Estrategia del Caracol” pelikularen moldaketa bat da.
Denera hamar bat aktore taulatu ziren eta eskenatokitik etxe kaleratzeei buruzko istorio gordina kontatu zuen Lezoko Orratx! taldeak. Hori bai, ez zuten emanaldi triste eta iluna osatu nahi izan, kontrakoa, alaia eta koloretsua izan zen, momenturen batean ikusleen barre-algarak sortzeraino.
Antzerkiaren muina gogorra zen berez. Etxejabe batek alokairuan dituen pertsonak etxetik botatzeko asmoa baitzuen etxea hiriko Gune Historikoko Kultura-Ondasun izendatzea nahi zuelako.
Erabakiaren berri izatean eta abokatuekin hasitako bideak emaitzarik ematen ez zuela ikusita, nolabaiteko defentsa prestatzen dute bizilagunek gizon dirudunak helburua lor ez zezan.
Jendartean puri-purian dagoen gaia da, errealitate beltzaren erakusle. Baina antzerkiak ikusleari erakutsi zion epaile eta polizien aurka eraikina defendatuz eta estrategia bitxi bat antolatuz halako injustiziak ekiditea posible dela.
Bueltaka
Haurrentzako antzerki emanaldia izango da datorren larunbatean 18:00etatik aurrera Manuel Lekuona kultur-etxean. Behibi’s taldearen “Bueltaka” euskarazko lanaz gozatu ahal izango dute herritarrek.
Istorioko protagonistek porrot ugari jaso dituzte eta askotan aurkitu dira ihes egin beharrean. Beren lurretan petrolioa aurkitzen dutenean kanporatu egiten dituzte, hiri handi batera doaz eta kontsumismoak eta zorrek sosik gabe uzten dituzte... Baina, azkenerako, garaipen txiki bat lortuko dute, eta bizitza berri baten hasiera izango da.
Behibi’s konpainia
Behibi’s 1992an sortutako antzerki konpainia da. Kon-tsumoaren inguruko kanpainak egin ohi dituzte, zenbait Udalekin harremanetan, eta hainbat jaialdi eta antzerki azokatan parte hartu dute.
Urte luzez soilik haurren-tzako emanaldiak egin ostean, helduei zuzendutako antzerkia egiten hasi ziren iaz, “No es fácil” saioarekin.
Larunbaterako sarreren prezioa 3 eurokoa izango da lehiatilan, eta 2,70 eurokoa www.lasarteoriasarean.eu webgunean aurrez erosiz gero.