Nongo elikagaiak kon-tsumitzen ditugu? Non egiten ditugu gure erosketak? Nolakoa da gure dieta? Benetan pentsa-tzen al dugu zerbait erosi aurretik?... Hauek eta beste hainbat galderen inguruan ari dira hausnarketa egiten ikasturtean zehar Lasarte-Oriako neska-mutilak. Eskolako Agenda 21 egitasmoaren bidez, Lehen Hezkuntzako ikasleak eskola eta herria jasangarritasunerantz bideratzen saiatzen ari dira. Helburua, eskola komunitatea ingurugiroaren aldeko kontzientzia eta ohitura desberdinak bereganatzea da, herritar bezala parte-hartzea bultzatuz.
Programaren bultzatzailea Lasarte-Oriako Udala da, Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak enpresaren laguntzarekin. Eta ez da lanketa honen lehenengo urtea. Dagoeneko hainbat izan dira azken lau urteetan Agenda 21 ekimenaren baitan herriko eskoletan landu diren gaiak. Joera sustatzaileek azaldu moduan, gai berdina bi urtetan jorratzea izan da honetan sakontzea bermatzeko, hori dela eta “Ura” eta “Biodibertsitatea (naturala eta kulturala)” izan dira orain arte landutakoak. Ikasturteko bigarren hiruhileko honetan, ikastetxeak ekintza plana lantzen hasiak dira. Herri mailako partaidetza lantzeko, ekintza batzuk burutzen dituzte bai ikastetxean eta baita ikastetxetik kanpo ere, eta ondoren, lortutako emaitzekin, norberak bere egunerokotasunean bete beharreko hainbat konpromiso hartzeaz gain, ikusitako gabeziak konpontzeko proposamenak luzatuko dizkio Udalari. Hain zuzen, ikasturte bukaeran alkatea eta beste udal ordezkariekin burutuko den batzar berezian.