Landaberri eta Sasoetako eskola autobus zerbitzuetan nabaria izaten ari da atzo hasitako zaintzaileen greba mugagabea.
Landaberrik ditu zaintzaile gehien eta bertako ikasketa buruak azaldu bezala, langile batzuek ez dute bat egin greba deialdi mugagabearekin beraz, bi zerbitzutan nabaritzen ari da soilik, goizeko lehenengoan eta arratsaldean, azkenekoan “zerbitzu hauek ezin dira eman eta gurasoak moldatzen ari dira aurreko astean bezala umeak ekarri eta eramateko”.
Aurreko asteko greba deialdiak izandako jarraipena erabatekoa izan zen baina hala ere, “kontutan izan behar da 250 ikasle direla egunero joan etorri bat behintzat oinez zein autoz egin behar dutenak” azpimarratzen du ikasketa buruak.
Sasoetan ordea, egoera aurreko astekoa da. Autobus zerbitzu bakarra dute hauek eskolan eta greba dela eta ez da eskaintzen. “Gurasoak moldatzen ari dira, ume batzuk manttangorrian etortzen ari dira eskolara, beste batzuk oinez, autoan... orokorrean gurasoen aldetik haserrea eta kezka nabaria da”.
Greba zenbat luzatuko den jakin gabe, kezka dago eskoletako arduradun eta gurasoen artean. Hauek langileen egoera ulertzen dute eta batzuek euren aldarrikapenekin bat egiten dutela diote, baina “umeak uzteko beranduago sartzen ari gara lanean etab, guretzat esfortzu handia da eta arazoa ahalik eta lasterren konpontzea eskatuko genieke erakundeei”.
Greba deialdi mugagabea izaki, sindikatu eta enpresaren arteko bileretan adostasunera iristea da helburua. Horretarako bi aldeek jaurlaritzaren inplikazioa eskatzen dute. Sindikatuek publiko egin dutenaren arabera, enpresen aldetik ez da jarrera aldaketarik izan momentuz.