Udaleko Kultur sailak aurreko asteko agerraldian aurreratu bezala, 2014. urtea departamentua eta herriko elkarteen arteko lankidetzan urratsak emateko urtea izango da. Dantza eta antzerkiaren programazioari dagokionez, “Dantza eta Antzerki Amateurra 2014” egitasmoari hasiera eman zaio. Programa honen helburua herrian dantza eta antzerki amateurra bultzatzea da eta egitaraua herriko taldeen proposamenetan oinarrituz aurrera eramango da tartean, Semblante Andaluz, Erketz EDT, Lan eta lan, Kukuka eta Emakumeen zentroko antzerki taldeekin.
Programa honen helburua, herriko talde hauek hurbileko elkarteekin dituzten harremanak sustatzea da; horregatik hilabetero Manuel Lekuonan programazio amateur bat egitea erabaki da.
Sauna deluxe
Elkarlan honetatik sortutako egitarauaren baitan, bihar, ostiralean, urtarrilaren 31ean, leheneno emanaldia ikusi ahal izango da. Errenteriako Itzatu taldearen antzezlana Lan eta Lan herriko taldearen proposamena izan da.
Itzatu taldeak “Sauna Deluxe” antzezlana aurkeztuko du, 20:00etan Manuel Lekuonan. Sarreren prezioa, "proiektu honetan parte hartzen duten taldeek finkatu dutena izango da", aurre-salmenta 3 eurotakoa (astelehenetik ostegunera) eta 5 eurokoa ikuskizunaren egun berdinean. Aipatu behar da, ekitaldi hauetan lortutako diru-bilketa, proiektuan parte-hartzen duten taldeentzat izango dela, "euren eguneroko lanean laguntza gehigarria izan dadin".
“Sauna deluxe”-en saunan elkartzen den lagun talde baten istorioez gozatu ahal izango da. Toxina fisiko zein mentalak askatzeko balioko duen hitzordua da saunakoa protagonistentzat. Ana Mirandak zuzentzen du lana eta bederatzi emakumek antzezten dute.