Villa Mirentxun familia giroan egin dute aurkezpen-ekitaldia gaur arratsaldean. Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu honen nondik-norakoak azaldu dizkiete bertan bildu diren hamarnaka herritarrei. Hitzez egindako azalpenak bideo proiekzioz jantzi dituzte eta amaitzean afari-merienda txiki bat egin dute.
Egun handia ekainaren 8a izango da. Usurbilekin batera, Uharte-Arakil inguruan egokituko zaio Lasarte-Oriai 2 kilometroko tartea osatzea. Guztira herriko 500 pertsona beharko dituzte Durango eta Iruñea arteko katea gauzatzen laguntzeko.
Lehen mugarria, aurretik, otsailaren 15ean jarri nahi dute ordea. Jaialdi erraldoia egiteko asmotan dabiltza, eta horretarako herriko elkarteen "babesa" eskatu dute. Egun horretan irekiko dituzte giza-katean parte-hartzeko zerrendak eta apirilaren 5era arte egongo dira irekita. Izen-ematearen prezioa 5 eurotakoa da. Egun horretan zerrendak behin-behinean itxi egingo direla aurreratu dute.
Gutxien-gutxienik, Euskal Herri mailan 50.000 lagun behar dira katea osatzeko, baina ez dute baztertzen 100.000 pertsonetara arte iristea.
Lan-taldean aritzeko deia
Oraingoz, Oihana Beltran, Mikel Arruti, Enara Ieregi, Maria Mungia del Pozo, Gorka Lasa, Itsaso Izagirre, Nerea Arteaga, Lorena Garcia eta Sandra Barkaiztegi aritu dira herriko lan-taldean, baina parte-hartu nahi duen "edonorentzat" ateak irekita dituztela azpimarratu dute. "Ez ditugu alderdi politiko bateko edo besteko etiketak nahi, pertsonak nahi ditugu", adierazi du lan-taldeak.
Ostegunetan biltzen dira, 21:30etan. Haiekin kontaktuan jartzeko Gure Esku Dago Lasarte-Oria facebook kontua erabiltzeko eskatu dute. E-posta laster jarriko dute martxan.