Jacinta Hervasek 100 urte bete ditu

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urtarrilaren 25a

Urtarrilaren 22an bete zituen 100 urte Jacinta Hervas lasarteoriatarrak. Villamayor de Calatravakoa (Ciudad Real) da jaiotzez, baina 1954an sorterria utzi eta Bilbora joan zen bizitzera Agapito Coronel senarrarekin batera. Handik Martutenera eta 91 urterekin herrira etorri zen alabaren etxera. Gaur egun, Irungo Caser-Anaka zentroan bizi da.

Seme eta alaba bana ditu Jacintak, bost biloba eta lau birbiloba ere bai. Familia giro goxoan, senideen alboan ospatu du mendeurrena Hervasek. Momenturik hunkigarriena agian bi birbilobak poematxo txiki bat irakurri diotenean bizi izan dute senitartekoek. Haiengatik egin duenagatik eskerrak eman eta bere esfortzu eta ausardia goratu nahi izan dituzte txikitxoek. 

Ahaideek azpimarratu dute emakume "oso indartsua" izan dela betidanik, "osasuntsu jatea" atsegin izan duela eta gazte garaian "miseria" asko bizitakoa izan zela. Horrek lagundu omen dio gogortu eta 100 urtetaraino iristen. 

Goiza modu politean amaitzeko, Jacintak berak gazte garaiko bi abesti labur kantatu ditu eta emozio handiko momentuak izan dira denentzat.

Bestalde, herriaren izenean zorionak emateko bertan izan da Pablo Barrio herriko alkatea eta arrosa lore-sorta ederra eman dio opari.