Dinbi Bandak irabazi du Euskararen Ginkana

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urtarrilaren 25a

Gaur goizean egin dute Donostiako San Telmo museoan Topaguneak eta Ekoguneak elkarlanean antolatutako Euskararen Ginkanaren 3. edizioaren finala. Bertan izan da Dinbi Banda batukada beste hiru talderekin batera. Azken froga amaituta Algortako bertso-eskolarekin berdinduta zeuden herritarrak, bi taldek irabazi dute hortaz, eta 3.000 euroko saria erdibana egitea erabaki dute.

Denera bost froga egin behar izan dituzte finalean, hauetako hiru binaka eta beste biak taldeka. Lasarteoriatarrekin batera, aipatutako Algortako bertso-eskola, Atarrabiako Onddo Beltzak elkartea eta Gasteizko GEU elkartea aritu dira nor baino nor finalean.

Lehenengo frogan, aurkeztutako bideoen artean hizlariak zein hizkuntzatan egiten zuen asmatu beharra zegoen. Bigarrenean, Hizkuntza gutxituak mapa batean kokatu behar izan dituzte. Hirugarrenean, tximeleta hitzaren ahal bezainbeste sinonimo eman behar izan dituzte. Laugarrenean, San Telmo museoan ahalik eta hizkuntza gehien zekizkien pertsona topatu behar izan dute. Eta azken lana, lokotx moduko froga izan da, kaixo hitza hizkuntza desberdinetan bildu behar izan dute.

Probak amaituta, puntu gehien bildu dituen bi taldeetako bat izan da Dinbi-Banda.

Zorionak eta gozatu saria!