Ebuya eta Chemos keniarrak garaile 59. Nazioarteko Krosean

jon-altuna-egitegi 2014ko urtarrilaren 26a

Atletismoa arnastu da Hipodromoan. Goizean goizetik hasita, gaztetxo eta beterano mailako lasterketez gozatzeko aukera izan dute bertaratu diren ikusleek. Senior mailako gizonezkoen lasterketan, Joseph Ebuyak aspaldian ikusi gabeko erakustaldia eman du Hipodromoan. Lehen bi kilometroetan estutu ostean, bakar-bakarrik geratu eta buruan egin ditu helmugarainoko zortzi kilometroak.

Oso erraz gailendu da 31 minutu eta 59 segunduko denborarekin, ia minutua sartu dio Samuel Tsegai eritrearrari. Korir egungo munduko kros txapelduna ezinean aritu da Hipodromoko lokatzetan eta brontzearekin konformatu behar izan du. Lehen euskalduna Ivan Fernandez izan da, bosgarren ailegatuta. Emakumezkoen lasterketan berriz, Milcah Chemos 3.000 metroetako munduko txapeldunak irabazi du 24 minutu eta 21 segunduko markarekin. Iaz eta duela bi urte bigarren izanda, arantzatxoa ateratzeko aukera izan du espero zen bezala. Atzetik, Marta Tigabea etiopiarra eta Diana Martin oztopo-lasterkaria sailkatu dira. Urtarrileko azken igandero bezala, ohiko irudiak ikusteko aukera izan da: harmailak beteta, jendea katiuskekin zirkuitu barruan, atletak gorputzari buelta eman ezinda, salda eta bokatak han eta hemen... Finean atletismo egun handia izan da denentzat. Bereziki Amaia Andresek entrenatzen dituen Landaberriko lau gaztetxoentzat, ahaztuko ez duten esperientzia bizi izan baitute zirkuitu gogor eta lokaztuan.

59. Nazioarteko Krosaren argazki-galeria: http://txintxarri.info/galeria/575/