Itoitz Rodriguezen errekorra

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urtarrilaren 20a

LOKE-ko atletismo saileko gazteak junior, jubenil eta kadete mailako Gipuzkoako txapelketan lehiatu ziren lehengo astean. Lan ederra egin zuten.

LOKEko atletek Urrezko bost domina, zilarrezko bi eta brontzezko beste bost eskuratu zituzten Gipuzkoako txapelketan. Gainera, Gipuzkoako 400 m. lasterketako errekorra hautsi zuen Itoitz Rodriguezek eta Espainiako txapelketetarako lau marka gutxieneko ere egin zituzten. 

LOKEko entrenatzailea oso pozik agertu da gazteek egindako lanarekin eta gazteek markak hobetzen jarraitu dezaketela aipatu digu.

Itoitz Rodriguez 400 m. lasterketako garailea izan zen 49.69 marka puska eginez. Denbora honekin jubenil eta junior mailako Gipuzkoako errekorra hautsi zuen. 

“Meritu handiko marka da, Josean Gay atleta handiaren marka jaistea oso garrantzitsua da” aipatu du Oskar Goikoetxea entrenatzaileak. 

Yeray Veronizek 60 m. lasterketan eskuratu zuen urrea eta 200 m.-etan brontzea. Jon Ander Bruñok jauzi hirukoitzean, Maider Rekondok pisu jaurtiketa proban eta Eneritz Bustok altueran lortu zituzten beste hiru tituluak.

Hauetaz gain, Asier Olmos kadeteak zilarrezko domina lortu zuen 600 m. lasterketan eta jauzi hirukoitzean hirugarren izan zen;  Maria Eugi 200 m. proban bigarren izan zen eta hirugarren 400 m. lasterketan; Oihana Igarriz, hirugarren izan zen pisu jaurtiketan eta Idoia Olasagastik 200 m. lasterketako brontzezko domina eskuratzeaz gain, Espainiako txapelketarako gutxieneko marka ere egin zuen.

Eta txapelketatik kanpo, Gaizka Ormazabal promesak ere 200 m. lasterketan Espainiako txapelketarako txartela lortu zuen.