Lehengo asteburuan Iruran trinket jaialdi ederra izan zen. Gipuzkoako txapelketako finalerdiak izan ziren eta hauetan bi lasarteoriatar zeuden, jubenil mailan Aritz Solano Intzako kidea eta senior mailan, Usurbileko taldean jokatzen ari den Mikel Landa. Biek finalerako txartela eskuratu zuten.
Aritz Solano Intzako jokalari gazteak Oiarpeko Azpirozen aurka jokatu zuen jubenilen finalaurrekoa. Herritarrak justu irabazi 35-31.
Joxe Felix Solano Intzako entrenatzaileak aipatu digunez, “Partida gogorra izan zen eta espero genuena gertatu zen. Sakearekin Oiartzungo jokalariak errenta lortu zuen, 9-0”.
Partida ez zen Lasarte-Oriako gaztearen alde joan. Honela 9-4, 17-4 eta 21-9 izan ziren partzialak.
Partidaren azken zatian, aldiz, Aritzek sakearekin tanto ugari egin eta jokoan nagusi izatea lortu zuen. Ondorioz, tartea txikitu eta 23-21 irabazten jarri zen.
“Hemendik aurrera partida berdindua izan eta biek egin zituzten tantoak. Tanto ederrak eta lan handikoak ikusi ziren,” aipatu du Intzako entrenatzaileak. 28-31ean Aritzek sakea lortu eta ez zuen hutsik egin, partida bereganatu zuen.
Landak erraz
Mikel Landak berriz, 40-8 irabazi zion Behar Zana taldeko kideari. Partida honetan ez zen lehiarik izan, arerioak eskuetan arazoak zituela agerian geratu baitzen partidako lehen minutuetan. Honela Mikel erraz 28-8 jarri zen markagailuan. Orduan Billabonako gazteak partida uztea erabaki zuen eta honela, Usurbilen jokatzen ari den herritarrak finalerako txartela lortu zuen.
Finalen jaialdia
Gipuzkoako trinket txapelketako finalak larunbatean, urtarrilaren 18an, jokatuko dituzte Ametsa trinketan. Jaialdia 15:15ean hasiko da, baina Aritz eta Mikelen partidak laugarren aeta bosgarrena izango direnez, “Aritzek 17:00ak aldera jokatuko duela uste dugu eta ondoren, Mikelen txanda izango da” aipatu du Joxe Felixek.
Aritzek Urnietako Mikel Imazen aurka jokatuko jubenil mailako txapela. Partida zaila dela jakinarazi du Intzako entrenatzaileak, “jokalari osoa da Urnietakoa eta trinketa ongi menderatzen du, baina Aritzen ilusio, duintasuna eta fisikoarekin aurre egiten saiatuko gara”
Seniorretan berriz, Mikel Landa eta Mundarro taldeko Xabi Barandiaranen arteko norgehiagoka izango da.
Intzako lagunek herritarrak gonbidatzen dituzte Irurara hurbildu eta pilotariak animatzera.