Ikastaro eskaintza zabala Emakumeen zentroan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urtarrilaren 17a

Lehenengo hiruhilabetekorako hainbat ikastaro eta tailer antolatu dira Emakumeen Zentroan. Honetan jarduera ezberdinak egiteko aukeraz gain, hausnarketara bideratutakoak ere antolatu dira hauek zentrotik azpimarratu moduan, eskaeraren araberakoak. Besteak beste, emakumeak historian, zer ote da feminismoa? eta Hezkidetza, umeen heziketaren gakoa. Ikastaroen iraupena otsailaren 3tik apirilaren 11ra izango da. Aurre-inskripzioa urtarrilaren 22tik 24ra 9:30etik 13:00etara eta urtarrilaren 23an 9:30etik 13:00etara eta 15:30etik 19:30era egin ahal izango da.

Lasarte-Oriako sexuen arteko bizikidetzarako Emakume Zentroak gizon-emakumeen arteko bizikidetza on baten sustapenerako udal jarduerak bul-tzatu nahi ditu. Lasarte-Oriako herritar guztien gune bilakatu nahi du udalak “anitza, plurala eta batez ere parekidea“. Berdintasunaren alde “gurekin batera lan egin nahi duten pertsona guztientzat guneak sortuz“. Proiektu orokorrak kurtso edo tailer ildo bat sortu duela diote zentrotik eta hauek datozen hilabetetan gauzatuko dira bi gune ezberdinetan, Emakume Zentroan bertan eta Villa Mirentxun. 

Ikastaroak
Eskaintzen diren ikastaroak yoga, kantua, konponketak eta patroiak, orratz lanak, bitxiak, antzerkia, eskulanak, euskara txokoa, batuka, Nire-tzako eta gainontzekoentzat  emozionalki eraginkorrak diren zaintzak, inauterietako konpartsa, ehoziri-lanak, aerobic, Tai-Chi eta sabel dantza. Bestalde, eskaeraren araberako tailerrak jarri dira eskaintza zabaldu asmoz. Horrela aipatutakoaz gain, “Emakumeak historian“, “Zer ote da feminismoa?“, “Hezkidetza. Umeen heziketaren gakoa“, “Erotika eta sexualitateaz hizketan“, “Zaintzaren agindua“ eta “Jendearen aurrean hitz egin dezagun“.

Hauetan honakoak jorratuko direla azaldu dute zentrotik. “Emakumeak historian“ esaterako, historian zehar egon diren “emakume erreferenteak aztertzen hasiko gara, Lasarte-Oriako emakumeen kontakizunen bitartez hemengo emakumeen historia eraikitzen bukatzeko“. Elkartzeko gune bat sortu nahi da emakumeek euren historia propioa eraiki dezaten. “Zer ote da feminismoa?“ saioetan berriz, sexua, generoa, patriarkatua, sexu genero sistema, sozializazio bereizia… bezalako terminoak aztertuko dira, “elkarren arteko harremanak, emakumeak eta gizonak nola gizarteratzen garen, eta emakumeen egoera eta hauen posizioa eremu soziopolitiko eta kultural ezberdinetan ulertzea bilatuko du“. 

Esparru ezberdinak landu nahi dira ikastaro eskaintza berri honekin eta tartea egin zaio ere umeen heziketari. Egunerokotasunean gureganatzen diren jokaera ezberdinak aztertuko dira eta hauen bitartez erreproduzitzen diren balio, rol eta estereotipoetan jarriko da arreta. “Denon erantzukizuna berdintasun harremanetan oinarritzen den elkarbizitza lortzea da, hau guztia nola identifikatu eta praktikara eramateko baliabide ezberdinak garatuko ditugu“ diote zentrotik. Sexuak ere lekua izango du eta menopausiaz modu positiboan eta gorputz sexuatuaz hitz egingo da; “aukera erotikoei helduko diegu ere“.
Zaintza egungo gizartean gai nagusietako bat izaki, batez ere helduen zaintza, egoera honen inguruan hausnartzeko aukera izango da, “zer suposatzen du emakumeentzat, eskubidea edo obligazioa? kontutan izan behar da ia beti senide helduen zaintza emakumeek hartzen dutela euren gain horrek suposatzen duen guztiarekin“.
Azkenik, jendearen aurrean hitz egiteko gaitasunari helduko zaio. “Guneen banaketa historikoak, pribatuak emakumeentzat eta publikoak gizonentzat, jendearen aurrean hitz egiterakoan emakume askorentzat zailtasunak eragin ditu. Ikastaro honetan zailtasunak aztertu eta landuko ditugu, gainditzeko. Praktikan jarriko ditugun teknika ezberdinak ere ikasiko ditugu“. 
Emakumeen zentrotik ikastaro eta tailerretan parte hartzeko deia egiten diete herritarrei. Adierazi moduan, hauetako batzuk ordua eta eguna zehaztua dute dagoeneko baina besteak, eskaeraren arabera eramango dira aurrera. Horregatik informazio gehiago eskuratzeko edota izena emateko, Emakumeen zentrotik pasatzeko eskatzen da. Besteak beste, ostegunean ez da ikastarorik aurreikusi zentroa herriko elkarteen erabilerarako eguna delako eta ostiralean, soilik goizean sabel dantza ikastaroa dago aukeran.
Doakoak
Jardueretako batzuk, Batuka, Aerobic, Tai-Chi eta Yoga Villa Mirentxun egingo dira eta ez Emakumeen Zentroan. Gainera, ikastaro batzuk doan dira; kantua, konponketak eta patroiak, orratz-lanak, bitxiak eta euskara txokoa. Matrikula ordaindu ez arren, izena eman beharko dela gogoratzen dute. Gainontzekoak egin ahal izateko Lasarte-Orian erroldatua izan edo ez, 44 euro eta 66 euro bitarteko matrikulak ordaindu beharko dira. Jardueraren arabera salneurri ezberdinak jarri dira.

2014 urterako onartua den ordenantza fiskalaren arabera, ordainketa egiteaz salbue-tsita dauden pertsonek beharrezkoa izango dute dokumentazioa Villa Mirentxun aurkeztea. Ikastaroen iraupena otsailaren 3tik apirilaren 11ra izango da. Aurre-inskripzioa urtarrilaren 22tik 24ra 9:30etik 13:00etara eta urtarrilaren 23an 9:30etik 13:00etara eta 15:30etik 19:30era. Matrikulazioa, urtarrilaren 30ean 9:30etik 13:00etara eta 15:30etik 19:30era eta urtarrilaren 31an 9:30etik 13:00etara egin ahal izango da.