Solano trinketako finalerdian

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urtarrilaren 7a

Intza kirol elkarteko Aritz Solano jubenilak lehengo ostiralean Gipuzkoako Trinket txapelketako finalaurretarako txartela lortu zuen Mundarroko Egoitz Olarra 35 eta 23 garaitu ostean. Larunbata honetan, Irurako trinketean jokatuko du partida Oiarpeko Xabi Azpirozen aurka.

Aritz Solano gaztea bere multzoko lehen sailkatua izan zen Gipuzkoako Trinketa txapelketako lehen fasean eta lehengo asteburuan final laurdenak jokatu zituen AStigarragako Mundarro taldeko Olarraren aurka.

Joxe Felix Solano entrenatzaileak azaldu digunez, ordubeteko partida izan zen. Lehen minutuetan Astigarragako Olarra nagusi izan zen eta 6-0ekoa jarri zuen markagailuan. Aritzek ordea berdinketa lortu zuen eta hortik aurrera partida orekatua izan zen. Bi pilotariek aukerak izan zituzten.

12-ko berdinketa zegoela, Aritz 19-12 aurreratu zen. Partida bere alde jartzen zela zirudien arren, arerioa sakez ederki baliatuz eta joko ona erakutsiz 19-18 eta 22-20 gerturatu zen.

Orduan Aritzek “tanto ederrak egin” eta 33-20 jarri zuen markagailuan. Partida 35 eta 23 amaitu zen.

Finalaurreko berdindua

Era honetara, Lasarte-Oriako gazteak Oiarpe elkarteko Xabi Azpirozen aurka jokatuko du finalerdia larunbatean 16:30etatik aurrera Iruran.

Intzako entrenatzaileak azaldu digunez, “maila bereko pilotariak dira. Oiartzungo pilotariaren arriskurik handiena sakea da, Aritzek ongi erantzuten badu irabazteko aukera handiak izango ditu. Izan ere, arerioa baino teknikoagoa baita”.