Jalgin urtarrilean zehar Paco Altuna herritarraren eskulanak egongo dira ikusgai. Esan daiteke, Lasarte-Oriako memoria historikoaren zati bat dela Paco Altunaren lana (Lasarte, 1935). Egindako artelanen artean, garai bateko Lasarte-Oriako eraikuntza, etxe eta baserrien maketak daude, hilerri zaharraren sarrera, golf zelaia. Baina Zubietako eliza, Ibarrola Haundi baserria edota Kontxako barandila bezalako obrak ere landu ditu. Garai batean herrian zeuden eraikuntzak egiteko, argazki zaharretan oinarritzen da Paco Altuna eta horrek maketek perspektiba ezberdinak izatea dakarrela azaltzen du.
Iazko otsailean egindako elkarrizketan aipatzen zuen ez Chillida eta ez Oteiza, Valentziako “fallak” egiten dituztenak miresten zituela, herritar artisauak, bera bezalako eskulangile finak. Berarentzat ez da Jalgikoa lehenengo erakusketa. Bere maketa eta pinturak Manuel Lekuona kultur etxean zintzilikatu ditu bitan.
Geltoki Kalean jaioa, Paco Altunak garai bateko Lasarte-Oria ekarri nahi du gogora erakusketa honen bitartez. Helduenentzat oroitzapenak ekarriko dituzte lanek, gazteenentzat berriz, garai bateko Lasarte ezagutzeko aukera paregabea.