Maialen Chourrautek bakarkako hamahirugarren Estatuko titulua lortu zuen asteburuan La Seu-ko Parc Olímpic del Segren burutu den Espainiako txapelketan. Herriko palistak nahiz eta gaixorik egon, maila onean lehiatu eta bi titulu berri eraman zituen etxera.
Txapelketako fase ezberdinetan postuak irabazten joan zen herriko gaztea. Larunbatean sailkapenean, Marta Martinez eta bere talde kide den Irati Goikoetxeak baino denbora okerragoa egin zuen Chourraut-ek, 1:47.80. Igandean, finalerdian berriz bigarren izan zen Goikoetxearen atzetik eta finalean Atletico San Sebastian-eko bere kidea gainditu zuen.
Honetaz gain, K1 taldeko lehiaketan ere irabazle izan zen Atletico San Sebastian-eko Irati Goikoetxea eta Miren Lazkanorekin batera. Bigarren sailkatuari, Cadi elkarteko taldeari 0,69 puntuko aldea atera zion hirukoteak.
Munduko kopa
Txapelketa honek asteburu honetan La Seun jokatuko den Munduko koparako entrenamendu gisa balio izan dio herritarrari. Londreseko proban bakarrik parte hartu du aurten herritarrak eta Lee Valley kanalean lortutako hamazazpigarren postua hobetzen saiatuko da, baita Londresen eskuratutako taldekako hirugarren postua ere.