Urrezko ahotsak Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2014ko uztailaren 28a

Landarbaso abesbatza uztailaren 9tik 14ra Rigan, Letonian ospatu diren Abesbatzen Munduko Jokoetan izan da lehian eta bi urrezko domina ekarri ditu. Nagusiki Errenteriako gazteez osatutako abesbatza bada ere, Usurbil, Donostia, Lezo eta inguruko abeslariak ere badaude eta horietako bi Amaia Dorronsoro eta Mikel Urreizti herritarrak ditugu.

Lasarte-Orian Alboka Abesbatza badago ere, herriko abeslari ugari Donostia edo inguruko beste abesbatzetan ari dira kantuan.  Amaia Dorronsoro eta Mikel Urreizti gazteak horietako ba-tzuk dira. Hauek Errenteriako Landarbaso abesbatzan daude eta hilabete hasieran, Rigan ospatu diren Abesbatzen Olinpiadetan izan dira lehian.

Errenteriako abesbatzak eliz musika akonpainamenduarekin eta abesbatza misto mailetan parte hartu eta bietan urrezko domina lortu du. Mikel eta Amaiarekin izan gara eta oso pozik agertu dira egindako lana eta lortutako sariekin.

Bi urre

Landarbaso abesbatzak bidai intentsoa izan zuen.

Uztailaren 10ean, 14:00etan, eliz musika akonpainamenduaren mailan lehiatu zen. 
Junkal Guerrero Lasarte-Oriako Musika eskolako irakasle ohi eta konposagilearen “Confitemini Domino” doinua eskaini zuten, besteak beste. Honetan, Amaiak pianoa jotzen zuen gainera.

Hurrengo egunean berriz, goizean goiz, abesbatza mistoen txanda izan zen. Honetan, Dubra konposagile letoniarraren “Rit jau jabut” edo Vytautas Miskinis-en “Pater Noster” lanak eskaini zituzten.

Eta urtarriletik egindako lanak bere fruituak eman zituen, uztailaren 12 eta 13an izan ziren Rigako Arena estadioan, saribanaketan, Errenteriako abesbatzeko kideek bi urrezko domin eskuratu zituzten eta.

Ikastaro eta kontzertuak

Baina ez da guztia lehiaketa izan, uztailaren 10ean Celebration kontzertuan abestu zuen gonbidatu gisa, nazioarteko beste hiru abesbatzekin batera. Honetan euskal doinuak eta eliz musika nahastu zituzten.

Uztailaren 11n, berriz, Letonia eta mundu mailan oso ezagun den Kamer choir abesbatzako zuzendariarekin Janis Liepins-ekin tailerra izan zuen taldeak. Honetan Landarbasok bere errepertorioko lan batzuk findu zituen eta Letoniako abesti bat ere ikasi zuen.

“Horrelako zuzendari batekin lan egitea esperientzia ederra da”, aipatu digute herriko abeslariek.

Honetaz gain, uztailaren 12an, Javi Busto hondarribiko konposagileak eskainitako hi-tzaldian ere parte hartu zuten. “Axuri Beltza”, “Nerea izango zen” eta “Pakearen Kantika” doinuak eskaini zituen abesbatzak. 

Honetan Miskinis konposagilea edo Kamer abesbatzeko zuzendari ohia den Maris Sirmaisekin bat egiteko aukera izan zuten.

Uztailaren 13an aldiz, Mezapark gunean, Letoniako eta nazioarteko beste abesbatzekin batera 15.000 ahots batu zituen kontzertura gonbidatua izan zen.

Beraz, tourismoa egiteko aukera gutxi izan dute gazteek. “Tarte txiki batzuk izan ditugu hiria ikusi eta beste abesbatzekin harremantzeko, baina pena merezi izan du”.