Bando, Bando alkateak esan do!

maider-azurmendi 2014ko uzt. 27a, 03:01
Mikel Kortatu Dirulaguntza eta Miren Etxeberria Garajegabe epaitu eta sutara bidali dituzte Santa Ana gaueko parodian. Ederki gozatu dute bertaratutako herritarrek aurtengo parodiarekin.

Arratsaldea azken prestaketa lanetarako baliatu dute parodian parte hartu duten herritarrek. Entsegua egin dute Manuel Lekuonan, dotore jantzi eta apaindu eta Lasartearra elkarteak eskainitako afaria dastatu ahal izan dute. Ondoren, desfilean atera dira denak eta Okendo plazara iritsi bezain laster, herritarrak zain zituzten lekua hartuta.

Parodia puntual hasi da eta ohitura den legez, lehenik eta behin, parodiak urtero eskaintzen duen omenalditxoaren tartea izan da. Aurtengoan Xirimiri elkartea omendu du parodiak bere 25.urteurrenean. “1989 urtean sortua, 25 urte, bete du beraz Xirimirik. Eta urte guzti horiek Lasarte-Oria herriaren eta Lasarte-Oriako herritarren alde lanean egin ditu”. Elkartearentzat izan da Unai Muñoaren honako bertsoa ere:

“Mende laurden da sortu zinela

ta bizi-bizirik zaude

garai luzean zu izan zara

ahaleginaren sukalde

etorkizuna marraztu nahian

bide beretsuan gaude

mila zorion ta mila esker

xirimiriko partaide

gure bidea ez da ulertzen

zure aterperik gabe”.

Elkarteko ordezkariek, Tomas Arruti eta Joxe Goikoetxeak eskerrak eman nahi izan dituzte omenaldi beroagatik. Elkartea epaiaren zain dagoela gogoratu dute ere. Ostean, parodiari ekin zaio.

Kortatu Dirulaguntza eta Etxeberria Garajegabe epaituak

Umorez hainbat gai jorratu dira oholtza gainean. Okendo plazako garajeekin hasi dira, hauek eskuratzeko “8 atributoak” bete behar omen direla aipatu dute, Lasarte edo Orian jaio izana, hipodromoan apustuak egin izana, San Pedron monagilo lanak eginda izatea, herriko lau elkarteetako bazkideak izatea, Sorgin dantzan parte hartu izana, lehenengo lau abizenen artean Etxeberria izatea, ondoko herrietako norbaitekin liskarrak edukitzea eta azkenik, parodian nazkatu arte parte hartu izana.

Jarraian Gure Esku Balego ekimena aurkeztu zuten giza-katean parte hartu zuten herritarrei herrian lanak egitera animatuko zituen ekimena, “ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotu behar zituen giza-katea dela eta. Momentu horretan oso argi ikusi nuen dena: 5.000 herritar inguru eta haien eskuak…Ezin genuen horrenbeste esku alperrik galtzen utzi”. Honekin herrian hainbat hobekuntza lan egin behar direla aipatu zuten, Proposamenen artean, Michelinerako bideako zuloak tapatu, lur azpiko pasabide bat eraiki...

Herria Donostiarekin lotuko duen bidegorria ere aipatu da. Txirrindulari despistatu batek herritik ateratzeko laguntza eskatu du. Hau eta euskararen bidegorriaren arteko nahasketaz aritu dira besteak beste.

Hain modan jarri den Zumbaz hitz egin dute apaizak eta mojek, hau San Pedro elizan egin ahal izango dela eta jendea erakarri nahian elizara, ebangelioa 2.0 aurkeztu dute ere sare sozialen bidez meza jarraitzeko eta otoitz egiteko.

Azkenik, txakur kaken ordenantza berriak bere tartea izan du ere eta koloreka antolatutako guneak aipatu ditu txakur jabe batek.

Azkenean, akusatuak sutara kondenatuak izan dira herriaren kontrako konplota gauzatzeagatik.

Aipatu behar da deabruek akusatuak erre aurretik, Erketzekoek sorgin dantza eskaini dutela oholtzan. 

Santa Ana parodiako argazki galeria: http://txintxarri.info/galeria/634/