Hasi dira Santa Ana eguneko ospakizunak

Txintxarri Aldizkaria 2014ko uzt. 26a, 14:31
Santa Ana eta San Joakin eguna dugu eta ohitura den legez, Lasarte-Oria erdialdean egun berezi hau ospatzen da.

Hamaiketan hasi dira ospakizunak Ama Brigitarren komentuan egin den mezarekin.

Xabier Andonegi parrokoak zuzendutako mezara hainbat herritar bildu da. Honetan saindaren omenezko hitzak izan dira eta Erketz EDT-ko kideek agurra dantzatu dute.

Mezaren ostean, komentuaren kanpoaldean hamaiketakoa prestatu dute Ttakun KE-ko lagunek. Mezatan zegoen jendea, zein komentu aldera hurbildu ziren herritarrek edari eta janariaz gozatu ahal izan dute.

Eguerdian, berriz, Santa Ana karkabak hartu du protagonismoa. Honen aurrean, Erketz EDT-ko dantzariek agurra eskaini dute eta ostean, fandango eta arin-arina ere dantzatu dute. Herritar ugari bildu da ekitaldia ikustera.

Parodia gauean

Baina ez dira ekitaldian hemen bukatzen, gauean 22:30etatik aurrera, gure herrian urtean zehar izan diren gertakarien errepaso umoretsua egingo baita Okendo plazan.

Pertsonaia ezberdinak izano dira Santa Ana eguneko parodian ikusi halako direnak.

Aurretik, Lasartearra elkartetik Okendo plazara kalejiran aterako dira guztiak.

Santa Ana eguneko pintxoa

Bestalde, herritarrei gogoratu behar zaie, gaur Aterpea Merkataritza elkarteko kide diren hainbat tabernatan Santa Ana eguneko pintxo berezia dagoela, bakailaoa pikillo piper saltsa eta piper berdearekin.

Txanpa, Arkupe, Guria, Trumoi, Galiza, Buenetxea, Abend, Usoa eta Sancho tabernatan dastatu ahalko da egun osoan zehar.

Goizeko ekintzen irudiak.