ARGIA Eguna egingo da Usurbilen, irailaren 27a larunbatarekin. Festa aukera bat izango da herritar guztientzat ARGIA proiektua ezagutzeko, eta ARGIAko komunitatea elkartzeko: harpidedunak, irakurleak, blogariak, kolaboratzaileak, langileak, publizitatea jarriz proiektua babesten dutenak... Gainera ARGIA Egunaren barruan antolatuko den "ARGIAzaleen topaketa"-n, proiektuari buruz komunitateko kide guzti horien arteko iritzi-trukea egingo da. Bertan, urte amaierarako prest izan nahi duten aldizkari berritua aurkeztuko dutela iragarri dute ARGIAtik.
ARGIAren balioetan oinarritutako festa izango da, egun osokoa eta adin guztietako jendearentzat zuzendua: Ingurumenarekiko errespetua, parekidetasuna, independentzia, lurraldetasuna, euskara eta parte-hartzea landuko dira, beste hainbat baloreren artean.
Egitarau zehatza irail hasieran jakinaraziko dute sustatzaileek, baina aurrerapen moduan, produktu ekologikoekin egindako herri bazkaria, Euskal Herriaren independentziari buruzko mahai-ingurua, bertso saioa, tailer ekologista bat, bakarrizketa umoretsuak, kale animazioa, jolas aldarrikatzaileak eta kontzertuak izango direla aipatu dute.
Egitarau partehartzailea egin nahi denez, eta inork zerbait antolatu nahi balu, harremanetan jartzea eskatzen da sustapena@argia.com helbidean abuztuaren 25a baino lehen.
ARGIA Eguna 1982an egin zen lehenengo aldiz, 1992. urtean azken aldiz, eta bi hamarkadaren ostean berreskuratzea erabaki da ARGIA kalera atera, proiektua ezagutarazi eta komunitatea sendotzeko.