Antzerki eta zine proposamenak, eguraldi txarrari aurre eginez

Txintxarri Aldizkaria 2014ko uztailaren 19a

Asteburu honetan ere lasarteoriatarrek kulturaz kalean gozatzeko aukera izan dute. Ostegunean "Futbolin" filmak hainbat herritarren arreta erakarri zuen eta ostiralean berriz, "Gozo, gozo, gozoa" antzerkia eskaini zuten. Kultur Kale Zikloaren barneko musika emanaldirik ordea ezin izan zuten egin eguraldi iragarpen txarrak tarteko. Sabur taldeak zehazteke dagoen beste egun batean joko duela adierazi dute XpressionK eta Udaleko Gazteria sailak.

Udarako giroa petral samarra izaten ari bada ere, Lasarte-Oria eguraldi txarrari aurpegi ona jartzen saiatzen ari da.

Horretarako, kaleko kultur ekintzetan parte hartu dute asteburuan ateri iraun duen momentuetan. Ostiral gauean esaterako, Salitre teatroaren eskutik, pailazo hirukoteak ikusleen irribarrea sortu zueen malabare eta umorezko esketxak eginez Udaletxeko arkupe azpian.

Futbolin filma
Bestalde, ostegunean, Okendo Zinema taldea eta Udaleko kultura sailaren eskutik, “Futbolin” filma ikusi ahal izan zen Okendo plazan.
Giro ederrean, guraso, gaztetxo eta haur ugari bildu zen plazan animaziozko filma ikustera. Adi-adi jarraitu zituzten Amadeo eta bere lagun berezien abenturak.

Kontzerturik ez Okendon
Hau guztiaz gain, larunbatean, Kultur Kale Zikloaren barruan eskaini behar zen kontzertua bertan behera geratu zen eguraldi iragarpena zela eta.
XpressionK eta Gazteria departamentuak elkarlanean antolatutako ekintza honetan, Sabur taldeak kontzertua eskaini behar zuen Okendo plazan.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, kontzertua  Udara honetako beste asteburu bateko egunen batean eskainiko da, baina data zehazteke dago oraindik.